Politika -
Elkarrizketa
Terrorismoarekin lotutako auziak EAEn epaitzea defendatu du Ibarrak
Bestalde, Espainian “forupeko” pertsona “gehiegi” egotea kritikatu du Ibarrak. “Osasun demokratikoari buruz ari bagara, egoera hori ez da batere ona”, gaineratu du.
Euskal Autonomia Erkidegoko epaileak terrorismoarekin lotutako auzietatik kanpo uztea kritikatu du gaur Juan Luis Ibarra Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak. Herrirarekin edo Herriko tabernekin lotutako auziak Euskadin epaitu beharko liratekeela gaineratu du.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Ibarrak esan du “ulertzekoa zela” ETAk hiltzen zuenean auzi horiek Madrilera eramatea. “Garai horretan delitu horiek hemen epaitzea zaila zen”, esan du.
“Segurtasuna eta babesa bermatzeko esfortzu handia behar genuen; beraz, ulertzekoa da Auzitegi Nazionalak epaiketa horiek bere gain hartu izana. Behin egoera hori gainditu dugunean, ezin da ulertu EAEko epaileak kasu horietatik kanpo uztea”, azaldu du.
Bestalde, ETAko presoei “justizia berriztatzailea” aplikatzearen alde agertu da. “Lehenengo helburua biktimei egindako kaltea berrezartzea litzateke”, adierazi du. Ibarrak esan du ‘Nanclares bidea’ justizia mota horretatik “gertuen” dagoen bidea dela.
Bestalde, Espainian “forupeko” pertsona “gehiegi” egotea kritikatu du Ibarrak. “Osasun demokratikoari buruz ari bagara, egoera hori ez da batere ona”, gaineratu du.
Ibarrak onartu du abokatu onena dutenek “emaitza hobea lortzeko aukera gehiago” dauzkatela. Espainiako politikari asko forupekoak direla azpimarratu du.
Justizia arloan emandako murrizketen inguruan, “bitarteko falta dago”, adierazi du. “Euskadiko Justizia administrazioak urrezko urteak bizi izan ditu, baina, dagoeneko, ez du urrezko garai hori bizi”. “Azken lau urteetan murrizketa handiak pairatu ditugu, eta gure azpiegitura batzuek, batez ere informatikoak, kalte handiak izan dituzte”, horren arabera.