Politika -
Nafarroako Parlamentua
Egonkortasun itun bat eskaini dio Barcinak PSNri
Sozialistek Nafarroako presidentearen proposamena berehala errefusatu dute eta hauteskundeak eskatu dituzte, oposizio ia guztiak bezalaxe.
Erredakzioa
Nafarroari egonkortasuna emateko itun bat eskaini dio Yolanda Barcina Foru Gobernuko presidenteak PSNri. Eskaintza berehala arbuiatu dute sozialistek, eta hauteskundeak aurreratzea eskatu dute, oposizio ia guztiak egin duen bezala, PPk izan ezik.
Nafarroako Kutxaren auzia artxibatu dute gaur eta Parlamentuko eztabaida markatu du erabaki horrek. PSNrekin azken 30 urteetan izandako itunak berreskuratzeko borondatea azaldu dute presidenteak eta UPNk. Barcinaren hitzetan, itunek Nafarroa ekonomikoki eta sozialki lidergoan jarri dute erkidegoen artean.
Presidentearen hitzaldiak ordu eta laurdeneko iraupena izan du. Akordioak 25 neurri zehatz ditu, Barcinak azaldu duenez.
Itunen politikan sozialistek "nazionalismoaren marra gorria gurutzatzerik" nahi ez duela azpimarratu du Barcinak. Presidentearen ahotan, UPNk eta PSNk nafarren onura bilatzeko lan bateratua egiten jakin dute, terrorismoaren eta "abertzaleen gogo anexionisten" aurka.
"Ez dut etsiko", adierazi du presidenteak. UPNk akordioa lortzeko borondatea duela errepikatu du. UPN "beti egongo da hor, esfortzuak eta indarrak Nafarroaren alde batzeko zain", gaineratu du.
Oposizioaren erantzuna
Roberto Jimenez PSNko bozeramaileak Barcinaren proposamena berehala errefusatu du. "Barcinak duintasun politiko apur bat izango balu, Nafarroa benetan axola bazaio, orain alde egin beharko luke eta herriari hitza eman", adierazi du Jimenezek.
Roberto Jimenez PSNko bozeramailea. Argazkia: EFE
Ondoren Maiorga Ramirez Bilduko bozeramaileak hitza hartu du. Ramirezek hauteskundeak eskatu ditu, "Nafarroak pantomimak behar ez dituelako, krisi ekonomiko, sozial eta instituzionala bizi dugu eta zuk egunero larriagotu egiten duzu".
Maiorga Ramirez Bilduko bozeramailea. Argazkia: EFE
Patxi Zabaleta Aralar-NaBai taldeko bozeramailearen hitzetan, Barcinak bi aukera ditu PSNrekin hautsi eta gero, "bata, berehala konfiantza mozio bat planteatzea, edo bestea, Parlamentua desegin eta hauteskundeak deitzea". "Barcinak gaur berriro Parlamentua mespretxatu du", erantsi du Zabaletak.
Patxi Zabaleta Aralar-NaBai taldeko bozeramailea. Argazkia: EFE
Bestalde, hauteskundeak aurreratzearekin Nafarroako ezegonkortasun politikoak onera egingo ez duela azaldu du Enrique Martin PPko bozeramaileak; izan ere, sei edo zazpi hilabeteetan boterea ekiteko gaitasunik gabe geratuko litzateke eta "hori Nafarroak orain behar ez duena da".
Jose Miguel Nuin Ezkerrako bozeramailearen esanetan, sozialistekin itunak berreskuratzea "Barcinaren edo PSNren zuzendaritzaren eskuetan ez dago jadanik", Nafarroako "gehiengo sozialak" bi alderdiko ereduari "legitimotasuna" kendu diolako.
Era berean, Manu Aierdi Geroa Baiko bozeramaileak Barcinaren dimisioa eta hauteskundeak aurreratzea eskatu du. "Nafarroak egoera ekonomiko eta sozial oso zaila bizi du, gainera, ezegonkortasun politiko onartezina gehitu behar zaio, anormaltasun demokratiko baten ondorioz: gutxiengoan dagoen Gobernu bat eta kontra dagoen gehiengo bat, alegia".