Politika -
Krisi politikoa, Nafarroan
Nafarroako Parlamentuak hauteskundeak 'berehala' deitzea eskatu du
Eskakizuna oposizioko alderdi guztiek babestu dute, UPNk izan ezik.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak hauteskundeak "berehala" deitzea eskatu dio gaur Yolanda Barcina Foru Gobernuko presidenteari.
Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren egunean, taldeek hauteskundeak aurreratzeko eskakizun bat bozkatu dute, PSNk sustatuta. PPNk eta UPNk ez beste alderdi guztiek horren alde egin dute.
PSNk eta EH Bilduk hainbat ebazpen aurkeztu dituzte, baina, azkenean, denak kendu dituzte, hauteskundeei buruzkoa izan ezik, bozak aurreratu nahi dituztela "argi" uzteko.
Ebazpen hori defendatzeko egindako hitzaldian, Barcinak agintean jarraitzea "legezkoa" dela, baina ez "zilegia", adierazi du Juan Jose Lizarbe sozialistak. "Boto lapurtuekin da presidente", nabarmendu du.
Horren esanetan, oposizioak "mezu" bat du gobernuburuarentzat, Gobernua "geldirik" dagoela ikusita: "Ganbera desegin dezala eta hauteskundeak dei ditzala, herritarrek erkidegoaren etorkizuna erabaki dezaten".