Politika -
Herriraren aurkako operazioa
Manifestazio batek operazioa salatuko du, gaur, Bilbon
Protestak ez du EAJren eta alderdi konstituzionalisten babesik lortu. Hala ere, Lokarrik eta Euskadiko CCOO sindikatuek manifestazioan parte hartuko dute.
Erredakzioa
Manifestaldi batek Bilboko kaleak hartuko ditu larunbat honetan Herriraren aurkako operazioa gaitzesteko. Protestak ez du EAJren eta alderdi konstituzionalisten babesik lortu.
Manifestaldia 18 atxilotuak espetxean zirenean deitu zuten 30 elkarte baino gehiagok. Deitzaile gehienek ezker abertzalearekin lotura dute.
Besteak beste, EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdiek (Sortu, EA, Aralar eta Alternatiba), sindikatu abertzaleek (ELA eta LAB), Ezker Batuak, talde anarkistek eta antifaxistek deitu dute protesta.
Gainera, Lokarrik eta Euskadiko CCOO sindikatuak babesa eman diote manifestaldiari, eta protestan parte hartuko dute.
Herriaren aurkako operazioa arbuiatu duten beste alderdi batzuek ez diote protestari babesik eman: EAJ, Ezker Anitza-IU eta Equo. Era berean, PSEk eta UGT sindikatuak operazioa zalantzan jarri dute, baina ez dute parte hartuko.
Legez kanpo
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Herrira plataformaren jarduerak bi urtez etetea agindu zuen. Nolanahi ere, epe hori igarota, neurria luzatzeko atea zabalik utzi zuen.
Halaber, epaileak plataformaren diru kontuak blokeatzea eta egoitzak eta sare sozialetako profilak ixtea ere agindu zuen. Praktikan, neurri horiek guztiek Herrira behin-behinean legez kanporatzea ekarriko dute, Aiert Larrarte abokatuak azaldu zuenez.
Ostegunean, epaileak 18 atxilotuetako 14 aske utzi zituen, baina karguekin, hau da, inputatuta jarraitzen dute. Beste lauei 20.000 euroko bermea ezarri zien, espetxetik ateratzeko.
Lau horietatik, bi, Jon Garai eta Nagore Garcia, ostegunean atera ziren Soto del Realeko (Madril) kartzelatik. Beste biek, Jexux Mari Aldunberri eta Manu Ugartemendia, gaur gauean espetxetik atera dira, bermea ordaindu eta gero.
Adierazpen bateratua
Herriraren aurkako operazioa "guztia ETA da tesiaren" barruan kokatu behar dela azaldu zuten EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, ostegunean. Era berean, sarekada "Espainiako Gobernuaren estrategia politiko-judizialaren" barruan kokatu zuten biek.
Joseba Egibar EAJko bozeramaileak eta Laura Mintegi EH Bilduko buruzagiak adierazpen bateratua irakurri zuten Gasteizko Ganberan. "Eskubide zibil eta politiko guztien errespetua", eskatu zuten bi taldeek.