Politika -
Estatus berria
Patxi Lopez: 'Independentzia Euskadirentzat galbidea da'
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, independetziak 'identitateen arazoa' areagotzen du. Halaber, askatasuna eta aukera berdintasuna murrizten ditu eta 'negozio txarra' da.
Erredakzioa
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiaren aburuz, independentziak hondamendia ekarriko die Euskadiri eta euskal herritarrei. “Identitateen arazoa areagotzen du, eta askatasuna eta aukera berdintasuna murrizten ditu. Azken finean, negozio txarra da", gaineratu du.
Gipuzkoako sozialistek antolatuta, Donostia Foroan hartu du parte Lopezek. Euskadi, hiru lurralde, herrialde bat izenburupean, sozialistek bultzatzen duten eredua "berdintasuna eta askatasuna defendatzen dituen estatu konstituzionala" dela adierazi du PSE-EEko idazkari nagusiak.
"Euskal herritar guztiena izango den gizarte politikoa sortu nahi dugu Euskadin. Ez dugu eraiki nahi euskaldunak izan beharrean, gipuzkoarrak, arabarrak eta bizkaitarrak izango dituen gizartea, beti aurrez aurre jarrita eta etengabe interes partikularrengatik borrokan”.
Lopezek, bestalde, EAJ-PSE ituna goraipatu du, baina salatu du Euskadik "identitate propioa eta uniformea" duela sinestarazi nahi digutela nazionalistek. Bere ustez, identitateak pertsonak adina daude, eta nazionalismoek, "euren eraikuntza nazionalarekin, ororen identitatea uniformatzeko lanean jarri nahi dute Estatua".
Sozialisten liderrak EAJri eskatu dio azal diezaiela herritarrei zertan dantzan proposatzen duten estatus politiko berria. Lopezen ustez, horren guztiaren atzean sezesioa besterik ez baitago.Halaber, independentziak identitateen arazoa konpondu beharrean areagotu egiten duela gaineratu du, eta askatasuna eta aukera berdintasuna murrizten dituela azpimarratu du. "Eredu independentistan, eredutik urruntzen direnek berdintasuna galtzen dute, beste era batean pentsatzen duena komunitatearen etsaitzat hartzen delako", gaineratu du.
Azkenik, independentzia gizartearen segurtasun eta oparotasunerako "negozio txarra" dela adierazi du Lopezek. Izan ere, Euskadik Espainiarekin eta Europarekin batera eremu komunetan parte hartzeari esker dauzka gaur egungo bizitza eta garapen-maila.
Eredu federala
Sozialistek eredu federala proposatzen dutela gogoratu du Patxi Lopezek, eta hori lortzeko beharrezkoa dela errealitate berrira egokituko den Konstituzioren erreforma egitea. Halaber, erreforma instituzionalak eta legalak nahitaezkoak direla azpimarratu du euskal sozialisten liderrak.