Politika -

Salaketa epaitegian

Ertzaintzaren buruen erantzukizuna argitu nahi du Amalur Mendizabalek

Amaiurko senatariak borraz jo zuen ertzainaren aurkako salaketa jarri du epaitegian, baina bestelako erantzukizunik egon ote zen argitu nahi du.

Amalur Mendizabal, Amaiurko senataria. Argazkia: EFE
Amalur Mendizabal, Amaiurko senataria
Amalur Mendizabal, Amaiurko senataria. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amalur Mendizabal Amaiurko senatariak borraz jo zuen ertzainaren kontrako salaketa aurkeztu du gaur Donostiako Guardiako Epaitegian. Herriraren kontrako operazioan, Hernanin izandako kontzentrazioetan zauritu zuten Mendizabal. Eraso egin zion agentea identifikatzeaz gain, Ertzaintzaren buruek izan zuten erantzukizuna argitzea nahi du senatariak.

Salaketa aurkeztu ondoren kazetariei esan dienez, jasotako "kolpea salatzeaz gain, agenteak aurre egin zidan modua ere salatu nahi dut".

Iñaki Goioaga eta Alberto Unamunzaga abokatu eta senatariekin, Maite Aristegi Amaiurko diputatuarekin eta Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentearekin izan da Mendizabal.

"Halako egun batez, orain 18 hilabete, tankerako gertakariak izan ziren Bilbon, eta Iñigo Cabacas hil zen", gogorarazi du Mendizabalek.  Eraso hartan erantzukizuna izan zuenak "aurpegia eman beharko luke", agertu du senatariak.

Herriraren kontrako polizia operazioa salatzeko elkarretaratzeetan berak jasotako "erasoa"ren tankerakoak izan zirela azpimarratu du, "beste lagun batzuk ere zauritu ziren, baina ni senataria naiz eta hori da ezberdintasuna", erantsi du. "Eraso larriagoak izan dira, eta holakoak argitzen ez diren bitartean, gehiago gerta litezke", nabarmendu du.

Erantzukizun polizial eta politikoak

Amaiurko senatariak azaldu duenez, "borraz jo" zuen ertzainaren kontrakoa da gaur aurkeztuko salaketa, baina "Ertzaintzaren buruek izan zuten erantzukizuna ere argitzea nahi dut, agindua egon ote zen jakin", gaineratu du.

Haren hitzetan, "erantzukizunak badaude, Ertzaintzaren buru bati eta agente batzuei identifikatzeko eskatu nien, alferrik".

Erantzukizun politikoak ere aipatu ditu Mendizabalek. "Kasu honetan, EAJrena da, Ertzaintzaren ardura Jaurlaritzarena delako", agertu du.

Erasoa jazo eta biharamunean, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren agerraldia eskatu zutela gogorarazi du Mendizabalek; oraindik, baina, ez dute datarik ezarri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea