Politika -
Katalunia
PPk ez du onartu finantzaketaren inguruan PPCk egindako proposamena
Kataluniaren ''berezitasuna'' kontuan hartzea eskatuko lukeen sistema proposatu du Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPk presidenteak. Erkidegoetako presidente gehienak kontra azaldu dira.
Erredakzioa
Alderdi Popularrak ez du onartu Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPko presidenteak bertako finantzaketaren inguruan aurkeztu dion proposamena. Zehazki, ''mugadun solidaritatea'' eta Kataluniaren ''berezitasuna'' kontuan hartuko lukeen sistema aurkeztu die PPCko buruak alderdiko kideei. Erkidegoetako buru gehienak, baina, kontra azaldu dira.
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak prentsaurrekoan azaldu duenez, erkidegoetako finantzaketa sistema berriak ''modu berean tratatuko ditu espainiar guztiak, bizi diren tokian bizi direla''. Hala, ''herrialdeen arteko elkartasuna oinarri'' izango du, ''hori baitago PPren geneetan''.
PPko agintariek proposamenaren aurrean zein erantzun eman duten argi esan ez duen arren, Cospedalek azpimarratu du PPCk ezin duela ''Kataluniarentzat finantzaketa sistema berezia'' lortzeko asmoa eduki.
Finantzaketa sistemaz gain, Kataluniako independentziaren afera ere izan du Sanchez-Camachok hizpide PPko buruekin Madrilen egin duen bileran.
Hitzorduaren ondoren, Sanchez-Camacho ''oso pozik'' agertu da, baina ez du bere proposamenak jasotako erantzunaren inguruko xehetasunik eman.
PPko buruen kritikak
Egunean zehar, PPko hainbat ordezkariren kritikak jaso ditu Sanchez-Camachoren proposamenak, tartean Ignacio Gonzalez Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidentearenak.
Hala, Gonzalezek ohartarazi du norbaitek Kataluniari ''nahierako finantzaketa sistema emateko tentazioa'' baldin badu, bere erkidegoak madrildarrentzat finantzaketaren inguruko galdeketa eskatuko duela.