Politika -
Bake konferentzia
Biktimek ETAren amaiera eskatuko dute alkateen konferentzian
ETAko biktimak "haserre" agertu dira Donostian egingo den Bakearen aldeko alkateen nazioarteko konferentziarekin.
Erredakzioa
Donostiako Tokiko Foroko ETAko biktimen talde batek ETAren amaiera eskatzeko bilkura egingo du ostegunean Gipuzkoako hiriburuan. Kontzentrazioa Juan Karlos Izagirre alkateak bultzatutako Bakearen aldeko Alkateen nazioarteko konferentzia hasiko den egunean egingo dute.
Biktimak "haserre" agertu dira kaleratu duten oharrean. "Konferentzia horren bidez ETAren indarkeria zuzenean jasan dutenen ahotsa isildu nahi da", adierazi dute.
"Bilduk Donostiako Udala zuzentzen duenetik, Izagirre alkateak ez gaitu aintzat hartu. Entzuteko eskubidea dute biktimek eta ETAk Donostian erahil dituen ehun lagun baino gehiagoren oroimena errespetatu egin behar da", gaineratu dute.
Bilkuraz gain, ostegun eguerdian lore eskaintza ere egingo dute Alderdi Eder lorategian. Modu horretan biktimen "oroimena gogoratzeaz gain, ETAren amaiera" eskatuko dute.
Coviteren eskutitzak partaideei
Bestalde, Covitek adierazi duenez, alkateen konferentzian izango diren 80 partaide baino gehiagori eskutitzak bidali dizkiete ekimen horren inguruan duten "ikuspuntua" jakinarazteko.
Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak azaldu duenez, eskutitzak pertsonalizatuak dira eta gaztelaniaz, frentsesez eta ingelesez idatzi dituzte. "Ezker abertzaleak egin nahi duena azaltzen dute eskutitzek", adierazi du Ordoñezek. "Eztabaida ETAren ondorengo egoeran kokatu nahi dute eta terrorismoaren historia garbitu", azpimarratu du.
"Ezker abertzaleak denbora asko darama atzerrian ulertu gabeko talde baketsu moduan azaldu nahian. Eskutitz horien bidez ezagutzera eman nahi dugu mundu hori oztopoa dela biktimen eta demokrata guztien duintasuna nagusi izango den eszenatoki bat eraikitzeko", amaitu du.