Politika -
Tortura salaketak
Tortura salaketa bat ez zela egoki ikertu ebatzi du Konstituzionalak
Mikel Beunza 2008. urtean Segiren aurkako operazio batean atxilotutako gazteak jarri zuen salaketa.
Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak tortura salaketa bat ez zela behar bezala ikertu ebatzi du. Hain zuzen ere, Mikel Beunza Iruñeko gazteak aurkeztutako salaketa da nahikoa ikertu gabe geratu zena.
Beunza 2008. urteko azaroan atxilotu zuten, Nafarroako hiriburuan, Segiren aurkako operazio batean. Ondoren, Madrilera eraman zuten, inkomunikatuta, eta atxiloaldian, Poliziaren esku zegoela, besteak beste kolpeak eta mehatxuak jaso zituela salatu zuen.
Madrilgo 15. zenbakiko instrukzio epaitegiak, baina, salaketa artxibatu zuen, eta ukatu egin zuen atxilotuak eta Fiskaltzak eskatutako probak egitea. Madrilgo Probintzia Auzitegiak berretsi egin zuen auto hori, medikuen txostenetan tortura zantzurik agertzen ez zela argudiatuta.
Gazteak berak eta Ministerio Publikoak helegitea jarri zuten orduan, ikerketa sakonagoa beharrezkoa zela iritzita. Hain zuzen ere, epaileek txosten medikoen "irakurketa murriztua" egin zutela eta beste hainbat baliabide kontuan hartu ez zituztela argudiatu zuen Fiskaltzak.
Konstituzionalak ez du aztertu atxilotuak torturak pairatu ote zituen, baina justiziaren ikerketa ez zela nahikoa izan ebatzi du.