Politika -
Alkateen bake konferentzia
Lanean jarraitzeko konpromisoarekin amaitu da bake konferentzia
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen aburuz, alkateen konferentzia "esperientzia aberasgarria" izan da.
Erredakzioa
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eguerdian eman dio amaiera Gipuzkoako hiriburuan egin den Alkateen Bake Konferentziari. Bakearen alde lanean jarraitzeko eta berriz ere elkartzeko konpromisoarekin amaitu da konferentzia.
"Oso esperientzia aberasgarritzat" jo du Donostiako alkateak ekimena eta bake prozesuetan nazioarteko komunitateak duen garrantzia azpimarratu du. Euskadiko normalizazio prozesua ixteko "pazientzia" ere eskatu du. "Pazientzia beharrezkoa izango da bakea eraikitzeko", gaineratu du.
Atzo arratsaldean Kursaalen egin zen mahai ingurua nabarmendu du Izagirrek. Ekitaldi horretan hiru euskal alkatek parte hartu zuten: Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak (EAJ), Jose Antonio Santano Irungo alkateak (PSE) eta Julen Mendoza Errenteriako alkateak (Bildu). Bizitako esperientziak eman zituzten ezagutzera hirurek. Horrelako ekimenak udalerrietara zabaltzearen alde agertu da Donostiako alkatea.
Kulturak elkarbizitzan duen papera ere aztertu dutela adierazi du Izagirrek. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua izango da eta gai hori jorratuko dutela azpimarratu du.
Konferentziaren bigarren eguna
Bigarren jardunaldian munduko hainbat herritako esperientziak ezagutu ahal izan dira. Besteak beste, Siria, Argentina, El Salvador edo Ipar Irlandako ordezkariek parte hartu dute. AEB, Flandria, Kurdistan, Bartzelona edo Italiako ekimenen berri ere eman da.
David Bieter Boiseko alkatea izan da gaurko jardunaldian parte hartu duenetako bat. Biktimen papera aldarrikatu du eta euskaldunen autodeterminazio eskubidea defendatu du.
Boiseko euskal amerikarrek Euskal Herriko bake prozesuaren geldialdia kezkaz ikusten dutela eta handik zer egin dezaketen aztertzen ari direla adierazi du Bieterrek. "AEBko Gobernuarekin hitz egiten saiatuko gara haien inplikazioa lortzeko", gaineratu du.
Boisen 2015ean egingo den euskal jaialdian irlandar, euskaldun eta AEBko herritarren artean lankidetza bultzatuko dutela esan du.