Politika -

Miaketa bidegabea

Bisitaren ondoren arakatu zuten preso bat babestu du Konstituzionalak

Jaengo espetxeko zuzendariek ez dute behar bezala, "banakako arrazoi argiz", justifikatu Juan Carlos Balerdi presoari egin zioten miaketa integrala, Auzitegiaren arabera.

Auzitegi Nazionalaren eraikina, Madrilen. Argazkia: Efe.
Auzitegi Nazionalaren eraikina, Madrilen. Argazkia: Efe.
Auzitegi Nazionalaren eraikina, Madrilen. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak Juan Carlos Balerdi Iturralde ETAko presoa babestu du, Jaengo presondegian 2010eko azaroaren 6an eta 7an, aurrez aurreko bisitak egin eta gero, egin zizkioten miaketetan intimitaterako bere eskubidea urratu zutela argudiatuta.

Epaiaren arabera, presoei erabat biluzik banakako miaketa egin aurretik, neurria babestu nahi den interes publikoa defendatzeko erabat beharrezkoa dela justifikatu behar dute espetxeko zuzendariek.

Auzitegiko epaimahaikideen ustez, "espetxeetako administrazioak banakako arrazoi argiak" eman behar ditu miaketa integrala beharrezkoa den ebazteko.

Espetxeetako zuzendaritzak "aurrez aurreko bisitaren ostean gorputz barruan zerbait, debekatutako gairen bat, izan zezakeela" jarri zuen Balerdiri miaketa egiteko argudio gisa. Balerdik urte askoko zigorra du betetzeko, 80ko hamarkadaren amaieran Eibar komandoarekin egindako hilketa batzuengatik.

Jaengo kartzelako arduradunek ez zuten erabakia behar bezala justifikatu, ez baitzuten "miaketa osoa egiteko segurtasun arrazoi jakinik" eman.

Halaber, presoak miaketen aurka jarritako helegiteak ezesteko orduan Espetxe Zaintzako Auzitegi Zentralak eta Auzitegi Nazionalak ere ez dutela erabakia hartzeko oinarri jakinik erakutsi esaten du goi auzitegiaren idatziak.

"Presoek herritar guztiei aitortzen zaizkien eskubide guztiak dituzte, horiek atxilotzeko arrazoiarekin edo zigorra betetzeko aplikatzen ari zaizkien segurtasun neurriekin bateragarriak ez direnak izan ezik, noski", Konstituzionalaren ebazpenaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea