Politika -
Hezkuntza
Uriarte: 'Euskal curriculumak ez du doktrinamenduaz hitz egiten'
Iñigo Urkulluren Gobernuak hezkuntza ideologiko abertzale bat inposatu nahi duela salatu dute PPk, PSEk eta UPyDk Eusko Legebiltzarreko batzordean.
Erredakzioa
Euskal curriculuma egiteko erabiliko duten oinarrizko agiriak ideologiaz eta doktrinamendu abertzaleaz hitz egiten ez duela azpimarratu du gaur Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Zentzu horretan, PSEk, PPk eta UPyDk egindako salaketak ukatu ditu sailburuak.
Euskal Curriculumaren Marko Pedagogikoa osatzeko Sailak erabiliko duen egitasmoa azaldu du Uriartek Gasteizko Ganberaren batzordean. Curriculuma egiteko markoa 2014ko otsailaren 20an onartuko dute.
Markoa 'Heziberri 2020' ekimenaren barruan Sailak bultzatuko duen lehen egitasmoa izango da. Ondoren Euskal Hezkuntzaren Legea egingo dute.
"Euskal herriaren errealitatearen, bere hizkuntza eta ezaugarri kulturalekin, eta lurralde bakoitzaren egoera politiko administratiboaren" artean hurbilketa handiago bat ahalbidetzea da marko pedagogikoaren helburu nagusietako bat, sailburuak azaldu duenez.
Kritikak
Azalpenak PSEren, PPren eta UPyDren kritikak jaso ditu. Iñigo Urkulluren Gobernuak hezkuntza ideologiko abertzale bat inposatu nahi duela salatu dute.
Agiriak doktrinamendu abertzaleaz hitz egiten ez duela erantzun du Uriartek. "Eskumenetaz hitz egiten ari gara, ez ideologiaz", errepikatu du sailburuak.