Politika -

Bidaiaren balantzea

Euskadi berri bat lortzeko epemuga 2020 dela zehaztu du Urkulluk

"2020 baino lehen" helburuak betetzea espero du lehendakariak, besteak beste, "erabakitzeko eskubidea erabiltzea".

Iñigo Urkullu lehendakaria. EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria. EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erabakitzeko eskubidea gauzatu duen Euskadi berri bat lortzeko epemuga 2020 dela zehaztu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Txirotasun eta langabezia-tasa txikiak izatea helburuen arten kokatu ditu buruzagiak, baita bakea sendotzea ere.

New Yorken prentsaurrekoa eman du lehendakariak Amerikako Estatu Batuetara egindako bidaia ofizialaren balantzea egiteko. Euskadik erabakitzeko eskubidea 2015ean erabiltzeko lanean ari dela ziurtatu du Urkulluk, baina "oinarriak finkatu eta giroari bidea eman" behar diotela erantsi du. Lanak "esfortzu handia eskatu" eta estatutu berriaren inguruan akordioa lortu behar dutela gaineratu du.

Bake eta Elkarbizitzarako Plana zirriborro fasean dagoela esan du lehendakariak, baina dagoeneko euskal alderdien ekarpenak jaso dituztela adierazi du. "Nahiz eta adostasunak nahi, beti akordioak lortzea" oso zaila dela azaldu du buruzagiak. Akordio falta horrek "ez du prozesuaren bultzada lehen momentutik oztopatu behar", Urkulluren hitzetan.

"2020 baino lehen" helburuak betetzea espero du lehendakariak, besteak beste, "erabakitzeko eskubidea erabiltzea". "Pixkanakako prozesu bat da, eboluzio-prozesu bat", esan du.

Bakegintza

Lehendakaria AEBetako Bake Institutuarekin (USIP) bildu da bidaian. "Bake prozesuaren alde lan egiteko" erakundearen konpromiso "irmoa" lortu dutela goraipatu du Urkulluk. Horregatik, agintaria pozik azaldu da.

Era berean, gatazken konponbiderako adituen talde batekin bildu da. Eusko Jaurlaritzaren bake planaren zirriborroari buruz txostena egin dute adituek.

Balantze positiboa

Bidaiaren balantze "oso positiboa" egin du lehendakariak. Euskadiren "errealitatea, erronkak eta xedeak" azaldu ditu Urkulluk AEBetan. "Gutaz gardentasun osoz hitz egin dugu, ez enparauetaz, eta Espainiako Gobernuak baieztatu dezake; izan ere, ordezkari bat izan dute bilera batzuetan", adierazi du.

"Gaur Euskadi zer den ezagutzeko nahia" ikusi du lehendakariak AEBetan. "Euskadik jakin-mina piztu duela esan dezaket", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea