Politika -

Segi

Ekitaldi politiko publikoetan parte hartu zutela esan dute akusatuek

2009an Poliziak atxilotu zituenean tortura fisikoak eta psikologikoak jasan zituztela salatu dute bederatzi akusatuk.

Epaiketaren bigarren saioan, 14 akusatuk deklaratu dute. Efe.
Epaiketaren bigarren saioan, 14 akusatuk deklaratu dute. Efe.
Auzipetuek epailearen aurrean deklaratzen jarraitzen dute

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segiko ustezko 14 kidek deklaratu dute asteartean, Auzitegi Nazionaleko epaiketaren bigarren egunean. Akusatuei talde terrorista baten kide izatea leporatzen diete. Epailearen aurrean esan dutenez, jendaurreko ekitaldi politikoetan parte hartzea baino ez dute egin.

Segiko ustezko kideen kontrako epaiketaren bigarren saioa lehenengoaren ildo beretik joan da eta akusatuek euren ekintza politikoengatik auzipetu dituztela azpimarratu dute.

40 akusatuetatik 36 bakarrik daude epaiketan, beste laurak auzitik-ihesi epaituko dituzte. Fiskalak 9 urteko kartzela zigorra eskatu du ustezko bederatzi buruzagientzat eta zazpi urtekoa gainontzekoentzat.

Bigarren egunean 14 akusatuk deklaratu dute, tartean ustezko bi buruzagi. Asier Coloma ustezko buruzagiak adierazi duenez, 2009an Frantziara ihes egin zuen Polizia bere bila zebilela jakin zuenean "ohiko" torturen beldur zelako.

"Muga igaro eta Hendaiara joan nintzen. Han jendaurreko bizimodua neraman, lan-kontratua nuen nire izenean, etxebizitza bat alokairuan, eta, paradoxikoa dirudien arrean, Frantziako Administrazioak diru-laguntza bat ematen zidan alokairua ordaintzeko", esan du.

Colomak eta gainontzeko akusatuek uko egin diote akusazioen galderei erantzuteari, eta euren abokatuek egindakoei bakarrik erantzun diete. Abokatuek etxean aurkitutako zenbait dokumenturen inguruan galdetu diete, baita parte hartu zuten zenbait kultura, gizarte eta kirol ekitaldiren inguruan ere, ekitaldi horiek ustez terrorismoarekin lotuta zeudelako.

Torturak

2009an Poliziak atxilotu zituenean tortura fisikoak eta psikologikoak jasan zituztela salatu dute bederatzi akusatuk. Astelehenean ere, deklaratu zuten 10 akusatutik seik gauza bera salatu zuten.

Salaketa hori egin duenetariko bat Haritz petralanda izan da. Berak azaldu duenez, nerbio-krisia izan zuen Polizia-etxean eta agenteek prestatutako idatzi batzuk sinatu behar izan zituen, beste atxilotuek bezala, "beldurrak" eta "inpotentziak" jota.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea