Politika -
35/02 auzia
Bi akusatu epaiketatik kanpo uztea onartu du fiskalak
Josu Iraetaren eta Jose Antonio Egidoren abokatuen eskakizuna onartu du fiskalak, talde terroristako kide izateagatik egindako delituak preskribatu direlako.
Erredakzioa
Bi akusatu epaiketatik kanpo uztea onartu du gaur fiskalak 'herriko tabernen' auziko prozeduran, talde terroristako kide izateagatik egindako delituak preskribatu direlako. Hala ere, auzitegiak aurrerago erabakiko du.
Herriko tabernen eta ETAren finantziazioaren arteko lotura ebatziko duen epaiketaren lehen saioa egin dute Auzitegi Nazionalean. Aurretiazko fasean igaro dute saio osoa, akusatuak deklaratzen hasi baino lehen. Joseba Alvarez ezker abertzaleko buruzagi ohia gaixotasunagatik geroago epaitzea eskatu dute abokatuek.
Delitua preskribatu delako Josu Iraetak eta Jose Antonio Egidok epaiketatik kanpo uztea eskatu dute. Fiskalak bakoitzarentzako hamar urteko espetxe-zigorra eskatu zuen.
Delituak preskribatu direla argudiatu dute abokatuek; izan ere, 2002an ikerketa hasi zenean, hamar urte baino gehiago zeramatzaten plataformetatik at.
Fiskalak azalpenak onartu ditu, baina gainerako akusazioak (AVT eta Dignidad y Justicia) aurka azaldu dira. Honenbestez, Angel Hurtado auzitegiko presidenteak gaia aztertu eta datorren astelehenean erabakiko duela iragarri du.
Eskakizun gehiago
Epaiketaren saioak otsailera arte luzatuko dira eta Esther Agirre, Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagi ohiaren emaztea, salbuestea eskatu dute abokatuek, seme-alabak zaindu ahal izateko. Jasone Manterolaren kasuan ere antzeko argudioak erabili dituzte.
Era berean, Jose Luis Franco, Juan Carlos Rodriguez, Andres Larrea eta Vicente Enekotegiri saioetara ez joateko baimena ematea eskatu dute, gaixotasun larriak dituztelako.
Bi emakumeen kasuan aurrerago erabakiko duela azaldu du magistratuak, eta auzitegiko medikuak lau gizonak astelehenean aztertzeko agindua eman du epaileak.
Epaiketaren lehen saioa Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Askabide
Bestalde, epaimahaiak prozesutik kanpo utzi du Askabide elkartea, Bilboko prostitutak laguntzeko erakundea. Antza denez, aipaturiko erakundea herriko taberna batekin nahastu dute, eta nahasmenaren berri izandakoan auzitik kanpo utzi dute.
Epaiketaren bigarren saioa ostiral honetan egingo dute. Auzipetuak deklaratzen hasiko dira. Joseba Permach izango da deklaratuko duen aurrena.
Epaimahaia Angel Hurtado, Clara Bayarri eta Julio de Diego magistratuek osatzen dute. Soledad Becerril Espainiako Herriaren Defendatzailea terrorismoaren biktimei elkartasuna adierazteko bertan izan da eta Angel Juanes Auzitegi Nazionaleko presidenteak hartu du.
Javier Zaragoza Auzitegiko fiskalburua eta Amaiur Xabier Mikel Errekondo, Jon Iñarritu eta Maite Aristegi Amaiurreko diputatuak saioan egon dira.
Karmelo Landa ezker abertzaleko ordezkariak 'herriko tabernen auzia'n epaituko dituzten 36 pertsonak absolbitzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari. Landaren hitzetan, gaur hasitako makroepaiketa "politikoa" da. "Espainiako Gobernuak ez du oraindik onartu ezker abertzalea legezkoa izatea", gaineratu du.