Politika -
Aieteko Adierazpena
Sortu: 'ETA jada ez da eragile biolentoa; Espainiako Gobernua bai'
Aieteko Adierazpena duela bi urte publiko egin zenetik Euskal Herriak gaur bizi duen aro politiko berrira heltzeko "ekarpenak nork egin dituen eta nork ez" hausnartzeko eskatu du Pernando Barrenak.
Erredakzioa
Aieteko Adierazpenak bi urte bete dituenean, ETA jada "eragile biolento bat" ez dela, baina Espainiako Gobernuak "indarkeria erabiltzen" jarraitzen duela nabarmendu du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak.
Pernando Barrena eta Maite Ubiria Sortuko kideek agerraldia egin dute Aieteko Adierazpenaren bigarren urteurrenaren eta Mexikon atzo izandako 'Euskal Herrian Bakearen Aldeko Topaketa Kontinentala'ren balantzea egiteko.
"Gatazka honetan ETA jada ez da eragile biolento bat, duela bi urte utzi baitzion indarkeria erabiltzeari; Espainiako Gobernuak, baina, indarkeria erabiltzen jarraitzen du bere helburu politikoak lortzeko", salatu du Barrenak.
"Salbuespeneko araudiak, askatasuna murriztea, epaiketa politikoak (gazte independentisten aurkakoa edota 35/02 sumarioa), adierazpen askatasunaren urraketak eta independentismoaren aurkako erasoak adierazpen antidemokratikoak izateaz gain, adierazpen biolentoak dira", erantsi du.
Barrenaren iritzian, Estatuak "indarkeria erabiltzen du, hauteskundeetan agertutako borondateari aurre egiteko eta euskal gizarteari bere etorkizuna erabakitzen ez uzteko".
Horrelako jarduerak betirako desagertu behar direla azpimarratu du, "indarkeria eza eta bakea lortu nahi badira".
Aieteko Adierazpena publiko egin zenetik Euskal Herrian testuinguru politikoak hobera egin duela esan du eta hobekuntza hori emateko "ekarpenak nork egin dituen eta nork ez" hausnartzeko eskatu die Barrenak euskal herritarrei.
Azken bi urteetan ezker abertzaleak emandako urratsak gogora ekarri ditu, besteak beste, "ETAren biktimekiko sentsibilitaterik agertu ez izana onartzea" eta "inolako salbuespenik egin gabe, biktima guztientzako egia, ordaina eta errekonozimendua eskatzea".
"Gainerakoek urratsak eman dituztela esan ahal dute?", galdetu du Barrenak. "Tamalez, ez", erantsi du jarraian.
Foro Sozialak egindako ekarpenak ere aipatu ditu, bakegintzan eta normalizazio politikoan aurrera egiteko erreminta moduan. "Gomendio horiek alde guztiek bakearen aldeko konpromisoak hartzeko balio behar dute, baita iraganera eraman nahi gaituzten horien aurrean horma sendo bat eraikitzeko ere".