Politika -
Estrasburgoko epaia
Espainiako Gobernuak ez du espetxe politikan aldaketarik egingo
Terrorismoaren biktimei "elkartasuna" adierazi die gaur Espainiako Gobernuak, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina'ren aurrean hartutako epaia berretsi ondoren.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak esan du Auzitegi Nazionalak erabaki beharko duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiak zein eragin izango duen eta ETAko zenbat presori eragingo dien.
Erabaki horren ondorioz espetxetik ateratzen direnek ez dutela "inpunitaterik" izango azpimarratu du Gobernuak, eta, horren harian, Gobernuak terrorismoa goratu eta biktimak iraintzen dituzten delituak jazarri egingo dituela nabarmendu du.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak eta Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak agerraldia egin dute Madrilen, Europako Auzitegiaren erabakiaren inguruko balorazioa egiteko.
Ruiz-Gallardonek azpimarratu du zigorra ezarri zuen auzitegi berak erabaki beharko duela epaia nola aplikatu (kasu honetan, Auzitegi Nazionalak). Hala ere, Estatuko Fiskaltzak ere epaia nola aplikatu aztertuko duela iragarri du.
Terrorismoaren biktimei "elkartasuna" adierazi die gaur Espainiako Gobernuak, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina'ren aurka eman zuen epaia gaur berretsi ondoren. Erabakia "errespetatu" egingo duela azpimarratu du Gobernuak, baina epaiak "min" egin diola gaineratu du.
Jorge Fernandez Diazek argi utzi nahi izan du Gobernuak ez duela bere espetxe-politika aldatuko, eta, horren harian, Herrira presoen aldeko plataformaren aurka egindako operazioa gogoratu du.