Politika -

'Parot doktrina' baliogabetuta

Ines del Rio aske, espetxean 26 urte egon ostean

Arratsaldeko 16:30erako minutu gutxi falta zirenean geratu da aske Ines del Rio. Goizean, Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salak aho batez onartu du ETAko presoa aske uztea.

Ines del Rio lagun eta senideekin espetxetik atera denean. Argazkia: EFE
Ines del Rio lagun eta senideekin espetxetik atera denean. Argazkia: EFE
Ines del Rio aske atera da Teixeiroko kartzelatik

2:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ines del Rio ETAko presoa aske geratu da. Arratsaldeko 16:30erako minutu gutxi falta zirenean irten da del Rio Teixeiroko espetxetik. Atarian, senideak eta lagunak zituen zain eta une hunkigarriak bizi izan dira. Del Rio berehala sartu da auto batean eta Euskal Herrira bidean da jada. Guardia Zibila autoa eskoltatzen ari da.

Ines del Rio hunkituta atera da espetxetik, negarrez, eta zain zituen lagun eta senideekin besarkatu da. Ikurrin batekin estali dute preso ohia bertaratutako komunikabideengantik babesteko. Izan ere, kamara eta argazkilari ugari bildu dira Teixeiroko espetxeko atarian.

Del Riok ez du adierazpenik egin eta auto batean sartu da. Guardia Zibilak eskoltatu du ibilgailua eta Euskal Herrira bidean da.

Espetxetik irten denean bi gizonezkok "ez dut ahazten eta ez dut barkatzen" oihu egin dute. Adierazi dutenez, ez dira inongo elkarteko kide edo ordezkari. Bi lagunek ezkutua ezabatuta zuen bandera bat zuten eta Gobernuak "amore eman" duela salatu dute.

Espetxetik ateratzean presoa "urduri eta gogo gutxirekin" ikusi duela ziurtatu du Joxerra Senar Berria egunkariko kazetariak. Senar Ines del Rio Euskal Herrira dakarren konboian doa.

Berria-ko kazetaria Radio Euskadiko 'Ganbara' irratsaioan elkarrizketatu dute. Del Rio "nahiko atsekabetuta" zegoela azaldu du Senarrek, baina senitartekoek eta lagunek berehala babestu dutela esan du. Presoa kartzelatik atera baino lehen senitartekoak "urduri eta zain" zeudela erantsi du.

"Girora moldatzeko epe luzea beharko du Ines del Riok", ziurtatu du. Harrera ekitaldirik aurreikusita ez dagoela azaldu du kazetariak, Del Riok "lasai egon nahi duelako".

Argazki hau Adolfo Araiz abokatu nafarrak argitaratu du Ines del Rio espetxetik atera ondoren.

Auzitegi Nazionaleko autoa

Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salako osoko bilkurak Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia bete eta Ines del Rio ETAko presoa aske uztea erabaki du goizean. Eguerdian iritsi da Auzitegi Nazionaleko autoa Teixeiroko espetxera.

Erabakia aho batez hartu dute areto horretako 17 epaileek, Estrasburgoko Auzitegiaren epaia aztertu ondoren. Ordu eta erdiko bileran hartu dute erabakia.

Estrasburgoko Auzitegiaren epaiaren arabera, Espainiak Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 7 eta 5.1 artikuluak urratu ditu 'Parot doktrina' baliatuta.

Epaia "irmoa" dela adierazi du Auzitegi Nazionalak, eta erabakia "bete beharrekoa" dela azpimarratu du.

Ines del Riori 3.824 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta 2008. urteko uztailean aske utzi behar bazuten ere, 'Parot doktrina' aplikatu, eta, horrenbestez, espetxealdia 2017ra arte luzatu zioten. Auzitegi Nazionalaren aginduz, gaur atera da Teixeiroko kartzelatik (Coruña), espetxean 26 urte eman ondoren.

Hala ere, Auzitegi Nazionalak Estrasburgok ezarritako 30.000 euroko kalte-ordaina "blokeatzea" eta diru-kopuru hori Del Rioren biktimei ematea agindu du.

Fiskaltzaren eskaera

Erabakia hartzeko, berebizikoa izan da Fiskaltzak Auzitegi Nazionalari bidalitako txostena. Dokumentu horretan, Fiskaltza Del Rio aske uztearen alde agertu da, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaia "argia baita urratutako eskubideen ordainean hartu beharreko neurria zein den esaten".

Horrenbestez, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ahalik eta lasterren aske uztea eskatu du, ebazpenak "ez baitu beste aukerarik eskaintzen", horren ustez.

Erreakzioak

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak esan du Fiskaltzak banan-banan aztertuko dituela 'Parot doktrina' ezarri zaien presoen kasuak, Estrasburgoko Auzitegiaren epaia aplikatu aurretik.

Torres-Dulceren iritziz, Estrasburgoko erabakiak ez du 'Parot doktrina' zalantzan jartzen, "arau horren atzeraeraginezko izaera baizik". Horrez gain, Ines del Rio presoaren egoeraz ari dela azpimarratu du, eta ez gainerako presoen egoeraz.

Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurrean, "errespetua" agertu du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, baina 'Parot doktrina', bere iritzian, "bidezkoa" eta "eraginkorra" izan dela azpimarratu du.

Bestalde, Voces contra el Terrorismo plataformak manifestazioa deitu du azaroaren 9rako. Estrasburgoko Auzitegiaren epaia ETAko presoak espetxetik ateratzeko "zurigarri" moduan erabiltzea egotzi dio plataformak Espainiako Gobernuari.

centro penitenciario carcel teixeiro la coruña EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Doktrina parot albisteak Politika Presoak bideoak ETA Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Giza Eskubideen Europako Auzitegia