Politika -
'Parot doktrina'
PPk Juan Manuel Piriz 'persona non grata' izendatzea eskatuko du
PPk Portugaleteko Udalak Juan Manuel Piriz preso ohia 'persona non grata' izendatzea eskatuko du udaletxean, 'Parot doktrina' baliogabetu eta gero libre geratu ondoren.
Erredakzioa
PPk Portugaleteko Udalak Juan Manuel Piriz herriko semea 'persona non grata' izendatzea eskatu du, 'Parot doktrina' baliogabetu eta gero preso ohia libre geratu den honetan. PPren ustez, Pirizen biografia "giza eskubideen eta oinarri eta balio demokratikoen kontrakoa" da.
PPren mozioak dioenez, Pirizek 29 urte egin ditu kartzelan, eta 61 urteko zigorra jaso zuen, Mikel Solaun atentatu bat ekiditeko segurtasun indarrei lagundu zien ETAko kide ohiaren hilketarekin lotuta.
"Ohoreak eta goraipamenak bizitza komunitatearen mesedetan jokoan jarri dutenei zor dizkiegu; horiek merezi dute bizilagunen miresmena. Alabaina, bizibidea indarkerian aurkitu duenak, zigor penala ez ezik, herritar guztien gaitzespen soziala merezi du", mozioaren esanetan.
Pirizek ez du "biktimen aurrean damua eta enpatia erakusteko inolako asmorik", PPren arabera, eta, hortaz, haren jaioterriko udalak, 'persona non grata' izendatuz, "terrorismoaren biktimei elkartasun keinu bat" egitea proposatu dute.
Llanosen aburuz, "demokraziaren apologia egin eta terrorismoaren biktimak goratu" behar dira, "ETAren inguruneak libre gelditu direnei ongietorriak eta babes keinuak egiten dizkietela ikusirik, bi aldiz biktima izatea ekiditeko".
Ekimena Tafallan aurkeztutakoaren atzetik dator. Ines del Rio preso ohia 'persona non grata' izendatu dute bertan, eta PPk herri gehiagotara zabaldu nahi du ekimena, presoak ateratzen doazen heinean.