Politika -
Ika-mika sozialistekin
Barne ministroak ezker abertzaletik urruntzeko eskatu dio PSOEri
Jorge Fernandez Diaz ministroak Ines del Rioren aurkako mozioan PSNko zinegotziek botoa eman ez izana kritikatu du: "Ez deritzot ondo sozialistek politika hauekin bat ez egiteari", esan du.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak erakundeetan ezker abertzaletik argi eta garbi urruntzeko eskatu dio PSOEri, Tafallan gertatu zenaren ostean. Nafarroako Udalak Ines del Rio ETAko presoaren aurkako gaitzespen mozioa onartu zuen, UPNren aldeko botoekin, baina PSNko zinegotziek osoko bilkuratik alde egin zuten, botorik eman gabe.
"Ez deritzot ondo sozialistek horrelako politikekin bat ez egiteari", esan die ministroak kazetariei Kongresuko korridoreetan.
Zigorrak beteta ere krimenez damutu gabe kartzelatik ateratzen direnak, "beste batzuk hil, sufrimendu handia eragin eta krimen zitalak egin zituzten pertsona gisa" barik, "heroi gisa" hartzea kritikatu du, eta "koherentetzat" jo du horiek gaitzetsi nahi izatea.
PSOE terrorismoaren aurka beti "argi eta garbi" agertu dela baieztatu du, eta, hori dela eta, jarrera hori "erakunde eta alor guztietan islatzea" eskatu du.
Fernandez Diazen ustez, "PSOEk nabarmen erakutsi behar du erakundeetan ezker abertzaletik urrun dagoela; are gehiago une honetan, gizartean alarma bizia baitago", adierazi du, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 'Parot doktrina'ri buruz hartu duen erabakia hizpide hartuta.