Politika -

Epaiketa Madrilen

18 urteko kartzela-zigorra eskatu du fiskalak Gorka Palaciosentzat

ETAk 2002an Santanderren egindako bonba-atentatuagatik ari dira epaitzen Palacios. Akusatuak ez du deklaratu nahi izan, eta bere abokatuak aske uztea eskatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18 urteko kartzela-zigorra eskatu du fiskalak Gorka Palaciosentzat, ETAk 2002ko abenduaren 3an Santanderreko aparkaleku batean egindako bonba-atentatua agintzegatik. Kalte material larriak eragin zituen atentatuak.

Madrilgo Auzitegi Nazionalean egin dute epaiketa. 2002ko atentatu hori agintzea eta ekintza aurrera eramateko formazioa eta materiala eskuragarri jartzea egotzi diote Palaciosi, eta, ondorioz, 18 urteko espetxe-zigorra eta kalte-ordaina eskatu ditu fiskalak.

Saioan zehar, akusatuak ez du deklaratu nahi izan, eta bere abokatuak, berriz, aske uztea eskatu du, Palaciosen kontrako akusazioa atentatu horrengatik dagoeneko zigortu dituzten ETAko bi kideren deklarazioetan bakarrik oinarrituta dagoela iritzita.

Zehazki, Jesus Maria Etxeberria Garaikoetxea eta Angel Aranburu Sudupe dira zigorra jaso duten ETAko bi kideak. Gaurko saioan deklaratu dutenez, ez dute gogoratzen agindua Palaciosek eman ote zien, ezta Frantzian lehergailu ikastaroa eta materiala eman ote zien ere. Fiskalaren hitzetan, ''memoria falta'' hori ez da sinesgarria.

Halaber, Guardia Zibilarekin izandako liskarren ondorioz, atxilotu eta ospitale batera igorri azaldu du esan du Aranburuk, eta, bertan, oihuen mehatxupean eta zaurietan presioa jasaten ari zela deklaratu zuela adierazi du.

Akusatuaren inguruko txostena idatzi zuten bi polizia nazionalek ere deklaratu du gaurkoan, peritu gisa. 2001ean eta 2002an Gorka Palaciosek ETAn trebakuntza lanen ardura zuela deklaratu dute, eta 2002tik atxilotu zuten arte taldeen zuzendaritza ere bere gain hartu zuela adierazi dute.

Abokatuak aske uztea eskatu du

Gorka Palaciosen abokatuak, bestalde, akusatua aske uztea eskatu du, haren aurkako froga bakarra dagoeneko zigortuta dauden ETAko bi kideen deklarazioak bakarrik direla deklarazio horiek baliodunak ez direla argudiatuta.

Hala, Aranburuk presiopean eta Etxeberriak inkomunikazio egoeran deklaratu zutela azpimarratu du.

Auzitegi Nazionalak 83 urteko kartzela-zigorra ezarri zion 2010ean Gorka Palacios Alday "Andoni"ri, ETAk 2001eko uztailaren 10ean Madrilen egindako atentatuagatik. Polizia Nazionalaren agente bat hil zen bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea