Politika -
Europako hauteskundeak
Hautagaitza 'sinesgarria eta indartsua' lortzea espero du EH Bilduk
Koalizio abertzaleko bozeramaileek agerraldia egin dute Donostian. Europako hauteskundeetan "erabakitzeko eskubidea eta eraldaketa soziala" defendatuko dituztela azaldu dute.
Erredakzioa
Ezker independentistaren hautagaitza "sinesgarria eta indartsua" osatzea espero du EH Bilduk, Europako Parlamentuko hauteskundeetara aurkezteko. Hauteskundeak 2014ko maiatzaren 25ean izango dira, eta Espainiako Estatuko beste alderdi batzuekin akordioa lortu nahi du ezker abertzaleak, baina ERCren eta CiUren arteko koalizio baten aurrean nolako jarrera izango luke ez du argitu.
Besteak beste, Oskar Matute, Maite Ubiria, Rebeka Ubera, Lorena Lopez de la Calle eta Unai Ziarreta EH Bilduko bozeramaileek agerraldia egin dute Donostian. Europako hauteskundeetan "erabakitzeko eskubidea eta eraldaketa soziala" defendatuko dituztela azaldu dute.
Zentzu horretan, "herrien Europa bat eraiki nahi duten indar guztiei" laguntza eskaini die Ubiriak, "hautagaitza partekatu batean eraldaketa soziala bultzatzeko".
"Ezkerreko" Espainiako beste indar batzuekin "akordioak lortzeko borondatea" azaldu du EH Bilduk. Horrela, beste alderdi batzuekin harremanetan jarri dela adierazi du koalizioak.