Politika -
Jose Maria Lidoni omenaldia
Ibarra: 'ETAk ez zuen lortu epaileak etsai existentzial bihurtzea'
EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak Jose Maria Lidon magistratu zenari egindako lore eskaintzan parte hartu du eguerdian.
Erredakzioa
Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak adierazi duenez, "azaroaren 7a Jose Maria Lidonen eguna da, eta urteurren honetan gogora ekartzen dugu ETA epaileak etsai existentzial bihurtzen saiatu zela, baina ez zuela lortu".
Ibarrak 13:00etan Jose Maria Lidoni, ETAK 2001ean hildako magistratuari, Bilboko Justizia Jauregian egin dioten lore eskaintzan parte hartu du. Lidonen senitartekoen alboan, "Jose Maria Lidonen memoria gogoratu dugu". Halaber, omenaldian parte hartu dute Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuak, Ana Agirre Justizia sailburuordeak, Manuel Valin Justizia zuzendariak eta Iñaki Azkuna Bilboko alkateak.
Jose Maria Lidonen omenez Bilbon antolatutako zuzenbide jardunaldietan parte hartu du Ibarrak goizean. Jardunaldi horietan, Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren Legea aldatzeko martxan dauden proiektuak errepasatuko dituzte egunean zehar.
"Jardunaldietan parte hartuko duten katedratikoak, irakaslek, fiskalak, abokatuak eta epaileak goi mailakoak dira", Ibarraren arabera.
"Nolako justizia penala nahi dugun pentsatu behar dugu. Horretarako elkartzen garen hamargarren aldia da, eta aurrez egin ditugun hausnarketa horiek ere justizia penalaren etorkizuna argitzeko balioko digu", gaineratu du.