Politika -
Donostia
Guardia Zibilak zinegotzi bat 'jazarri' duela salatu du Sortuk
Guardia Zibilak duela astebete Iosu Lizarralde Oñatiko zinegotzia eta Kontseilu Nazionaleko kidea "inguratu" zuela salatu du koalizio abertzaleak.
Erredakzioa
Guardia Zibilak duela astebete Iosu Lizarralde Oñatiko zinegotzia eta Kontseilu Nazionaleko kidea "inguratu" zuela salatu du gaur koalizio abertzaleak.
Lizarraldek agerraldia egin du Donostian. Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak, Mikel Biain Oñatiko alkateak eta Maialen Urzelai zinegotziak lagundu dute. Duela astebete bilera batetik ateratzean, Arrasaten, Guardia Zibilak gelditu zuen, "nahiz eta kontrolik ez izan" eta "galdekatu" egin zuten. "Jarraipena egiten" ari ziotela ohartu zen.
Kontseilu Nazionaleko kideari gertatutakoa "oso larria" da, Barrenaren hitzetan. "Kasu bakana ez" dela salatu du Sortuko bozeramaileak, "Espainiako Estatuaren salbuespen politikaren adibide bat baizik".
Azken asteetan adibide ugari azaldu direla ziurtatu du Barrenak: "CNIk ezker abertzaleko militanteak zelatatu dituela argitaratu dute zenbait komunikabidek" edo "Ernaik erabilitako lokal batean atzemandako zaintza dispositiboa".
Iñigo Urkullu lehendakariak "euskal herritarren aurka erabiltzen duten indarkeria bakarraren aurrean ezin du beste alde batera begiratu", Barrenaren ahotan.