Politika -
Bilbo
Sortu: 'Espainiak eta Frantziak iraganari lotuta jarraitzen dute'
Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko buruzagien hilketaren urteurrena azaroaren 20an izango da eta Sortuk ekitaldiak aurkeztu ditu Bilbon.
Erredakzioa
Espainiako eta Frantziako estatuek "iraganari lotuta, setatuta, jarraitzen dute, etorkizunean galtzaile izango direla badakitelako", adierazi du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak. Bitartean, euskal gizarteak "pausoak" eman eta Estrasburgoko Auzitegiak "aintzat hartu" ditu, 'Parot doktrina'ren inguruko ebazpenak agerian utzi duenez.
Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko buruzagien hilketaren urteurrena azaroaren 20an izango da, eta Barrenak eta Maribi Ugarteburu Sortuko koordinatzaileak ekitaldiak aurkeztu dituzte Bilbon.
Brouard hil zutenetik 29 urte igaro dira, eta Muguruza akabatu zutenetik beste 24. Ondorioz, "balio politiko handiko" datak dira, Barrenaren esanetan. "Euskal Herriarekin izandako konpromisoagatik" eta "militante gisa azaldutako koherentziagatik" omenduko dituzte, Sortuko bozeramaileak azaldu duenez. Gainera, ezker abertzaleari "ezinbesteko ekarpen aberatsa" egin ziotela goraipatu du.
"GALek duela 30 urte aurreneko erasoak egin zituen" eta "Euskal Herrian garai berriak" ditugu, testuinguru horretan omenaldiak egingo dituztela azaldu du Barrenak.