Politika -
'Parot doktrina' indargabetuta
Euskadiko erakundeen erantzun bat eskatu du Quirogak
"Egoera oso gogorra da. 2013 heldu da eta espetxetik sekula atera behar ez zirela pentsatzen genuen, baina presoak damutu gabe ateratzen ari dira", adierazi du Euskadiko PPko buruak.
Erredakzioa
Zigorra bete baina damutu ez diren ETAko kideak kartzelatik ateratzen ari direla esan du Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidenteak. Egoera horren aurrean, euskal erakundeek terrorismoa gaitzesteko erantzun bat eman behar dutela uste du Quirogak.
Euskadiko bakearentzat eta demokraziarentzat funtsezkoa den unea bizi dugula adierazi du Quirogak Bilbon. Damutu ez diren ETAko presoak espetxetik atera eta Euskal Herrira itzuli dira 'Parot doktrina' indargabetu ostean.
Horregatik, Quirogak Iñigo Urkullu lehendakariari interpelazio bat egingo dio ostiralean. Gaiaren inguruko iritzi argia azaltzea nahi du PPko ordezkariak. Euskal erakundeek erantzuna eman behar dutela uste du Quirogak.
"Egoera oso gogorra"
"Egoera oso gogorra da, 2013 heldu da eta (ETAko presoak) espetxetik sekula atera behar ez zirela pentsatzen genuen, baina damutu gabe ateratzen ari dira. Erakundeek ez dute ezer esango? Hemen ez da ezer gertatu?", galdetu du PPko buruzagiak.
"Euskadin trantsizio demokratikoa bukatzea eta ohitura demokratikoen eta erakundeen legitimazioa" jokoan daudela esan du Quirogak.
Auzitegien erabakiak ontzat hartzen dituela berretsi du, baina ados ez dagoela erantsi du. Estrasburgoren, Auzitegi Nazionalaren eta Gorenaren erabakiek 'Parot doktrina' indargabetu dute.