Politika -
Jaieguna Euskadin
Urriaren 25a barik, uztailaren 25a ezarri nahi du jaiegun Jaurlaritzak
Gasteizko gobernuak "gaur bertan" ekingo die izapideei, urte amaierarako aldatua egon dadin.
Erredakzioa
Jaurlaritza urriaren 25eko jaieguna -orain arte Euskadiren Eguna izan dena- Santiago Egunagatik- uztailaren 25a- ordezkatzea aztertzen ari da, Juan Mari Aburto Lan eta Gizarte Politiken sailburuak iragarri duenez.
Santiago Eguna jaiegun izendatzeko eskaera ugari heldu zaizkio Jaurlaritzari Gasteizko udaletik. Aburtoren hitzetan, egun hori jai ezartzea "egoki" ikusten du, besteak beste, 2014an ostirala delako. Dena dela, urriaren 25a Santiago Egunagatik ordezkatzea egoki ote den erabakitzeko adituen txostenak eskatu behar ditu.
Hala, izapideak "gaur bertan" abiatuko dituela iragarri du Lan eta Gizarte Politiken sailburuak, Legebiltzarrak Euskadiren Eguna -urriaren 25a- jaieguna zela ezartzen zuen legea indargabetu ostean.
Gasteizen Blusen eta Nesken Eguna da Santiagokoa. Egun hori 2014ko jaiegunen egutegitik kanpo geratu zen. Gasteizko Udalak jaiegun bakarra aukeratzea zuenez, Andre Maria Zuriaren Eguna- abuztuaren 5a- aukeratu zuen Udalak. Hori ikusita, Santiago Eguna ere jaiegun izendatzea eskatu dute Gasteizko hainbat alderdi politikok.
Urriaren 25a ordezkatzeko erabakia urtea amaitu baino lehen hartu nahiko luke Aburtok, "ahalik eta kalte gutxiena egiteko", eta horretarako, "akordioa" lortzen saiatuko da Jaurlaritza.