Politika -
Gobernuari eskaera
ETAren ordezkaria dela esateari uzteko eskatu du Amaiurrek
ETAren biktimen hil-kapera asko bisitatu dituela gogorarazi ostean, Larreinak azpimarratu du Amaiurrek "argi eta garbi" gaitzetsi duela ETAren indarkeria.
Erredakzioa
Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak ziurtatu du Amaiurrek modu "esplizituan", "garbi" eta "etengabe" gaitzetsi duela ETAren indarkeria. Horregatik, bere alderdia ETAren ordezkaria dela esateari uzteko eskatu dio PPri eta Espainiako Gobernuari.
"Gure konpromisoa garbia, argia eta iraunkorra da", nabarmendu du Larreinak, Kongresuan. UpyD alderdiak mozioa aurkeztu du bertan, egindakoaz damutu ez diren eta espetxetik kanpo dauden ETAko kideei Estatuaren laguntzak ukatzea eskatzeko, eta horren gaineko eztabaida izan dute gaur.
Larreinak nabarmendu egin du ETAren biktimen hil-kapera asko bisitatu dituela, eta Amaiurrek behin baino gehiagotan erakutsi duela eskubide urraketa guztiei aurre egiteko konpromisoa.
"Nahikoa da. Erabili egiten gaituzte", salatu du Amaiurreko diputatuak. Halaber, Amaiurren "hitzak" inoiz ez direla nahikoa egotzi die Alderdi Popularrari eta Gobernuari. "Berdin da zer esaten dugun, gure adierazpenek ez diete sekula bake prozesuari, egiari edota justiziari ekarpenik egiten", esan du.