Politika -
Brouard eta Muguruza
'Estatu-indarkeria'n justizia eta erreparazioa eskatu dute familiek
Halaber, Sortuk Josu Muguruzaren hilketa gogoratu du Madrilgo Alcala hotelean, estreinakoz. EH Bilduk, bestalde, Legebiltzarrean Santi Brouard gogoratzeko plaka jartzea eskatu du.
Erredakzioa
Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko kideen senitartekoek eta lagunek omenaldia egin diete gaur Bilbon, hilketen 29. eta 24. urteurrenean. Ekitaldi horretan, ''estatu indarkeria'' kasu guztientzako ''egia, justizia era erreparazioa'' eskatu dute.
''Bake erreal eta bidezko bat eraiki'' behar dela defendatzeaz gain, ''distentzio prozesuan zintzotasunez parte hartu nahi dutenei eskua luzatzeko prest'' agertu dira.
Bilboko Amezola parkean eta Errekalde plazan lore eskaintza egin dute, eta ezker abertzaleko ordezkaritza zabala izan da ekitaldi horretan, tartean Hasier Arraiz, Pernando Barrena, Maribi Ugarteburu, Tasio Erkizia, Itziar Aizpurua, Niko Moreno eta Arantza Urkaregi. Itxaso Atutxa EAJren BBBko burua eta Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria ere bertan izan dira.
Idoia Muruagak, familiako kideen eta lagunen izenean, adierazpen bat irakurri du, eta, bertan, ''indarkeria desagertzea'' eskatu du. Halaber, ETAk jarduera armatua eten zuenetik bi urte igaro diren arren eta gizarteak eta zenbait taldek ''aurrerapauso asko'' eman dituzten arren, ''gobernuek, oraindik, beren erantzukizunei bizkarra eman'' eta bake agertoki batekin konpromisioa hartzen ez dutela salatu du.
''Entzuteko eta indarkeriak eragindako traumak gainditzen laguntzeko prest'' agertu dira, ''hori ere gure kasua baita''.
Madrilen ere gogoratu dute Muguruza
Bilboko ekitaldian parte hartzeaz gain, Sortuk Josu Muguruza gogoratu du Madrilgo Alcala hotelean. 1989ean hil zuten bertan Muguruza, Diputatuen Kongresuan eserlekua hartu bezperan.
Joseba Permach eta Rufi Etxeberria Sortuko ordezkariek adierazpen bat irakurri dute bertan. Sortuk berak ohar batean azaldu duenez, egun ere Estatuak orduko jarrera berbera mantentzen duela salatu dute, eta 'bake eskaintza bati Estatuak emandako erantzuna ezker abertzaleko bi ordezkari tiroz hiltzea'' izan zela azpimarratu dute.
Brouard omentzeko plaka eskatu du EH Bilduk
Halaber, Santi Brouard HBko legebiltzarkidea gogoratzeko Eusko Legebiltzarrak plaka bat jartzea eskatu du EH Bilduk. Fernando Buesak (PSE-EE) eta Gregorio Ordoñezek (PP) egun badute plaka hori, eta, EH Bilduren ustez, ''biktima guztiek izan behar dituzte eskubide eta aitorpen instituzional berbera''.