Politika -

ETAko kide ohi damutua

Rekarte: 'Ezker abertzaleak eta ETAk egindako mina onartuko dute'

Iñaki Rekarte ETAko kide ohi damutuaren aburuz, "ETA amaitu da".

Iñaki Rekarte hitzaldia hasi baino lehen. Argazkia: EFE
Iñaki Rekarte EFE
Iñaki Rekarte ETAko kide ohia terrorismoko biktima batekin batu da

0:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Rekarte ETAko kide ohi damutuak adierazi duenez, "ezker abertzaleak eta ETAk berak, egindako mina onartuko duten momentua derrigorrez helduko da".

Fernando Buesa Fundazioak Gasteizen antolatutako jardunaldi batean parte hartu du Rekartek. Gorka Landaburu kazetariak eta ETAko biktimak eta Iñaki Garcia Arrrizabalagak ere parte hartu dute jardunaldian. Azken hori, Manuel Garcia Corderoren semea da. Garcia Cordero Komando Autonomo Antikapitalistek erahil zuten 1980an.

"ETA amaituta" dagoela uste du Rekartek, eta "desagertu eta kitto" egin beharko lukeela. "Aldamioa desegin beharko litzakete jada, gaur pisu bat eta bihar beste bat kentzen ibili beharrean", baieztatu du. Rekarteren aburuz, "pauso txikiak ematen ari dira, baina horiek geldoak dira, oraindik ere gorrotoa baitago".

Ezker abertzalearen ukapenak "bost axola" diola esan du Rekartek. "Nire buruarekin irekitzea eta ETAk eragindako buruko blokeoa gainditzea lortu nuenean aldendu nintzen indarkeriatik", baieztatu du. Une horretatik aurrera "gorrotoa amaitzen" hasi zitzaiola esan du eta bere burua barkatu ahal izan zuela. "Ez da erraza", gaineratu du.

42 urte ditu Iñaki Rekartek eta asteartean irten zen espetxetik 21 urte bertan egin ondoren. Parot doktrina baliogabetu ondoren atera da espetxetik. "Langraitz bidea"rekin bat egin zuen eta azken urteak Martuteneko espetxean egin ditu, erregimen irekian.

Heldutasun prozesu "oso geldoa"

18 urte zituenean sartu zen Rekarte ETAn eta orduan ordezkatzen zuenaren inguruan "ideiarik ez" zuela onartu du. Espetxean ezagutu omen zuen ETAk zer adierazten duen. Taldetik banatzea "heldutasun prozesu pertsonal oso geldoa" izan zela azpimarratu du.

"Asko kostatu zitzaidan ETAtik irtetea", gogoratu du ETAko kide ohiak. "Askotan pentsatu izan dut nire bizitza apurtuta zegoela, ez nuela etorkizunik. Baina nola edo hala, bizitzak bide berriak irekitzen dizkizu eta ETAren giroan etsaitzat joko liratekeen pertsonak ezagutzen dituzu. Pertsona horiek maitatzen hasten zara eta bizitza aldatzen zaizu", gaineratu du.

Bere pausoak jarraitzea "ez dela zaila" uste du eta hori egin nahi duten presoak daudela pentsatzen du Rekartek. "Gauzak bide honetatik konpon daitezke", baieztatu du.

"Hiltzea gaizki dago esatea ez da horren zaila. Korridore batetik bazoaz, eta norbaitekin tupust egiten baduzu, barkamena eskatzen duzu. Norbait hiltzen duzu eta kosta egiten zaizu. Zergatik ez da batzuetan politika ahazten, eta gauzak gizakitik gizakira egiten?", galdetu du.

Presoen eta biktimen arteko topaketak

Zentzu horretan, Rekartek onartu du "honen guztiaren konponbidea pertsonatik pertsonara, gauza txikiekin" lortu ahal dela. Horren adibide jarri ditu Eusko Jaurlaritzak ETAko presoen eta biktimen artean antolatzen zituen topaketak. Rekartek berak parte hartu zuen topaketa horietan.

Programa bertan behera utzi izana deitoratu du. "Indarkeriatik aldentzeko bide hau jarraitu nahi izanez gero, presoek ez dute nora joan", amaitu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea