Politika -

PPren Gobernuaren Balantzea

B kontabilitatea ukatu du PPk eta ikertzeko eskatu dio Fiskaltzari

Alderdi Popularrak, Mariano Rajoy buru duela, bi urteko legealdiaren balantzea egin du. Gobernuko presidenteak ukatu egin du ETArekin hitz egin izana.

Maria Dolores de Cospedal eta Mariano Rajoy batzorde nazionala hasi baino lehen. Argazkia: EFE
Cospedal eta Rajoy EFE
Maria Dolores de Cospedal eta Mariano Rajoy batzorde nazionala hasi baino lehen. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularrak ukatu egin du ezkutuko kontabilitatea izatea eta Barcenas auziko Fiskaltzari epaitegian dauden dokumentuak ikertzeko eskatuko dio. Ruz epailearen azken autoak PPn ustez B kontabilitatea erabili zutela berretsi zuen.

Maria Dolores de Cospedalek alderdiaren kontuak legezkoak direla baieztatu du. Mariano Rajoy buru izan duen PPren Batzorde Nazionalak bilera egin du eta amaieran egin ditu adierazpenak Cospedalek.

Legealdiaren balantzea egin du Rajoyk eta Gobernuak aurrera eraman dituen erreformek Espainia erreskatetik atera dutela azpimarratu du. Barcenas auziaren inguruko adierazpenik ez du egin.

Alderdi Popularrako "bigarrenak" PPn kontabilitate bakarra dagoela nabarmendu du eta "beste batzuek dituzten paperak, beste batzuenak" izango direla esan du. Alderdiaren kontu guztiak Ruz epailearen esku daudela esan du eta kasuko Fiskaltzari horiek ikertzeko eskatuko diotela iragarri du.

"PPren kontabilitatea epaitegian dago eta ezaguna da", esan du. Dokumentu horietan Genovako egoitzan 2006 eta 2010 urte artean egindako lanen fakturak "behar bezala jasota" daudela nabarmendu du.

Parot doktrina

Estrasburgoko Epaitegiak Parot doktrinaren inguruan hartutako erabakia ere aztertu du PPren Batzorde Nazionalak. Rajoyk berretsi egin du epaia errespetatzen duela, nahiz eta gustatu ez, eta bere Gobernuak ETArekin ez duela inoiz hitz egin berretsi du.

Esperanza Agirre PPren Madrileko presidenteak, bestalde, Luis Lopez Guerra epaile espainiarrak Estrasbrugoko epaitegian jarraitzen duelako azalpenak eskatu ditu. Parot doktrina baliogabetzearen aldeko botoa eman zuen Lopez Guerrak.

Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak esan duenez, epailea bederatzi urterako aukeratu zuten eta epea amaitu behar du.

Carlos Fabraren aurkako epaia

Carlos Fabra Castelloko Aldundiko presidente izandakoari epaileak ezarri dion lau urteko kartzela zigorraren inguruan, Cospedalek epaiarekiko errespetua azaldu du, eta azken erabakia hartu gabe dagoela azpimarratu du.

Mariano Rajoyk legealdiaren inguruan egin duen laburpenean, Espainia erreskatetik kanpo geratu dela nabarmendu du eta PSOEren jarrera ez duela onartuko esan du. Rajoyren aburuz, ongizatearen gizartea ez du PPk kaltetu, eta alderdi sozialista izan zen arriskuan jarri eta hondoratu zuena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea