Itxi

Politika

Polemika

Ertzaintzak ez du harreren aurka nahikoa egin, Fernandez Diazen ustez

Erredakzioa

Barne ministroak azpimarratu du espetxetik atera diren ETAko preso ohien omenaldiak ez zirela egingo "Espainiako Polizia edo Guardia Zibila bertan egon balira".

0:15

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ziurtatu du espetxetik atera diren ETAko preso ohien omenaldiak ez zirela egingo Polizia Nazionala edo Guardia Zibila bertan egon balira.

Ministroen Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek Fernandez Diazek. Kazetariek Parot Doktrina baliogabetu ondoren espetxetik atera diren hainbat preso ohiei egindako harreren inguruan galdegin diote.

Egoera horietan Ertzaintza modu egokian lanean ari den galdetuta, Barne ministroak gogoratu du Ertzaintza dela Euskadin ardura duena eta ondorengoa gaineratu du: "Guardia Zibila edo Polizia Nazionala egon balira hori ez zela gertatuko ziurtatzen dizuet. Eta hor utziko dut gaia".

Kazetariek behin eta berriro galdetu diote Fernandez Diazi gaiaren inguruan eta ministroak erantzuna luzatu du. "Preso ohiak Nafarroara edo beste erkidego batera joan izan balira, non segurtasun arloko konpetentzia Polizia Nazionalaren edo Guardia Zibilaren esku dagoen, hau ez zen gertatu", esan du.

"Berriz ere esango dut eta hori da diodana", azpimarratu du. Ministroak hizpide izan ditu baita ere edukiontzien erretzea, ustez terrorismoaren gorazarrea egitea edo biktimen umiliazioa. "Hori ez zen gertatuko, nik neuk emango bainituen agindu egokiak", esan du.

Estatuko segurtasun indarren profesionaltasuna bermatu ondoren, Gobernuak gertatutakoa deitoratzen duela gaineratu du, baina "egin zitekeen guztia egin du".

Fiskaltzak gertaerak ezagutzen ditu

Eskumenen banaketari errespetua agertu dio Fernandez Diazek eta baieztatu du bere departamentuak gertaera horien berri eman diola Fiskaltzari, delitu zantzuak daudelakoan.

Atzo egin zuen moduan, Barne ministroak gogoratu du Parot doktrina bertan behera geratu ondoren ETAko preso ohi bat edo gaizkile arriskutsu bat espetxetik irteten denean, horren berri Guardia Zibilari eta Poliziari ematen zaiola, baita Gobernuaren ordezkaritzei ere.

Gogoratu du espetxeak preso ohien eskura jartzen dituela aurrez bere bizitoki moduan zehaztu duen tokira joan ahal izateko baliabide ekonomikoak. Ondorioz, Gobernuaren ordezkaritzak eta segurtasun indarrek egoeraren jakitun izan behar dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena