Politika -

Preso ohien harrerak

Carlos Urquijo: 'Akats handia da harrerak delitutzat ez hartzea'

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak atzo adierazi zuenez, ETAko presoak askatu eta gero egindako ekitaldietan "legez kontrako ezer" egon denean "Ertzaintzak esku hartu du".

Carlos Urquijo, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Argazkia: Efe.
Carlos Urquijo, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Argazkia: Efe.
Carlos Urquijo, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren ustez, "akats handia" da Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ETAko preso ohiei egindako harrerak delitutzat ez hartzea eta, ondorioz, Ertzaintza ekitaldi horietara ez bidaltzea. Gainera, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari erantunez, Auztegiak askatutako preso ohiei egin dizkieten ongietorriei buruz eskatu duen informazio osagarria Ertzaintzak eman ahal diola esan du Urquijok, "hari baitagokio horrelakoetan esku hartzea".

Auzitegi Nazionaleko fiskalburuak egindako adierazpenei erantzun die horrela Urquijok. Izan ere, Gobernu Ordezkaritzak ETAko preso ohiei egindako harreren gainean bidalitako txostenetako "datu urriekin harrituta" agertu zen Fiskaltzako burua, eta txosten osagarriak eskatuko dituela iragarri zuen. Halaber, Beltran de Herediak atzo ETAko preso ohiei egindako harreretan deliturik ez dagoen ustea agertu eta gero ere hitz egin du Gobernuaren ordezkariak.

Urquijoren esanetan, ETAko preso askatuei egindako harreren gaineko sei ohartarazpen bidali dizkio Euskadiko gobernu ordezkaritzak Auztegi Nazionalari, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina baliogabetu zuenetik.

"Sei idatzi horietako baten berri bakarrik jaso dugu atzera", gobernu ordezkariaren esanetan: "Azaroaren 8koa da, eta behin dokumentazio guztia aztertuta gorespen edo biktimen umiliazio deliturik egon litekeela ondorioztatzeko datu objektibo nahikorik ez dagoela esaten da bertan".

Fiskaltzaren adierazpenak zalantzan jartzen ez dituela azpimarratu eta gero, "idatziz bidaltzen duguna delitutzat hartzen ote dugun esatea ez dagokigu guri, Fiskaltzaren lana da", esan du.

Fiskaltzaren erantzuna izan duen ohartarazpen bakarra Juan Manuel Piriz Lopez preso ohiaren harrerari buruzkoa dela adierazi du Urquijok, eta "Loiuko aireportuan izan zenez", Ordezkaritzak bidali zuen informazioa Guardia Zibilaren bidez lortu zuela esan du. "Kasu honetan, Auzitegi Nazionaleko fiskalburuak ez du informazio osagarririk eskatu", erantsi du.

Urquijok ez daki, azaldu duenaren arabera, bidalitako datuak "urriak" ote diren, baina "esku hartu duten funtzionarioen osotasuna arriskuan jarriz, eta, Ertzaintza sei omenaldietako batera ere bidali ez duenez, Segurtasun Sailaren jardunik ezaren gainetik jaso dira datuok".

"Orain, badakigu zergatik ez den Ertzaintza egon: Segurtasun sailburuarentzat delitu hauek delitu ez direlako", esan du Urquijok: "Terroristak txalotzen dituztenean, bolanderak eta haien aldeko oihuak botatzen direnean, pankartak jartzen direnean eta, zenbait kasutan, kanpaiak jotzen dituztenean, Segurtasun sailburuaren ustez ez dago deliturik eta, horregatik, ez da Ertzaintza joaten".

Ordezkariaren aburuz, "delitua egon den edo ez zehaztu behar duena ez da tokian tokiko politikaria, ezta gobernu ordezkaria ere; Fiskaltza izan behar da, eta, horretarako, hainbat datu igorri behar zaizkio. Kasu honetan, Ertzaintzari zegokion beroriek bidaltzea, baina, bidali ez dituenez eta Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak bere kabuz lortu dituenez, datu horiek bakarrik daude, eta emaitzak orain arte jaso ditugunak dira".

Urquijoren hitzetan, Gobernu Ordezkaritzak "orain arte bezala, legea zehatz-mehatz betez, jarraituko du lanean", eta ez dago prest "inork ez Poliziako eta Guardia Zibileko funtzionarioen profesionaltasuna ez Gobernu Ordezkaritzaren jardunbidea zalantzan jartzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea