Politika -
Bosgarren urteurrena
Ehunka lagunek Inaxio Uriaren sendia babestu dute
Inaxio Uriaren familiak ETAk orain bost urte hildako enpresa-gizona gogoratu du bilkura batean. Politika eta enpresa arloko ordezakriek ere izan dira Loiolan.
Erredakzio
Inaxio Uriaren familiak ETAk orain bost urte hildako enpresa-gizona gogoratu du. Loiolan (Azpeitia) egindako bilkuran ehunka lagunek parte hartu dute.
Atentatua gertatutako leku berean jarritako monolitoaren aurrean egin dute bilkura. Euskal erakundeetako, alderdi politikoetako eta enpresa arloko ordezkariak ere izan dira Azpeitian.
Arrosa gorriak jarri dituzte Inaxio Uriaren omenezko monolitoan. Horrez gain, Altuna y Uria enpresako langile eta lagunek lora sorta bat utzi dute. Bilkura egin aurretan, Loiolako basilikan Inaxio Uria gogoratzeko meza ospatu dute.
Enpresariaren seme-alabak, bilobak, ilobak eta beste senitarteko batzuk izan dira bilkuraren lehen lerroan. Hamar minutuko isilunea egin dute eta txalo artean eman diote amaiera bilkurari. Aurreko urteen bezala, aurten ere Manoli Aramendi Uriaren alargunak ez du kontzentrazioan parte hartu. Uriaren ilobak adierazi duenez, “data mingarria da berarentzat”.
Bilkura amaitu denean, Miren Uria enpresa-gizonaren ilobak haren osabari eta senideei erakutsitako “errespetua eta maitasuna” eskertu du familiaren izenean.
Enpresariaren familiak bilkuran ez duela inor faltan bota adierazi du Miren Uriak. “Etorri nahi duena dator hona, eta oso babestuta sentitu izan gara beti. Ezagutu zuena etortzen da, maite duena eta bere oroimena gogoratu nahi duena”, azpimarratu du.
Politika eta enpresa arloko ordezkaritza
Andoni Ortuzar EAJ-PNVko buruzagia eta Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko buruzagia Loiolan izan dira. Iñaki Arriola PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusiak, Pello Urizar EAko idazkariak eta Rebeka Ubera Aralar alderdiko ordezakriak ere parte hartu dute bilkuran.
Miguel Angel Lujua, Confebaskeko presidentea ere izan da kontzentrazioan.
ETAk orain bost urte Arrasaten hil zuen Isaias Carrascoren alarguna eta alaba zaharrena ere Azpeitian izan dira. Horiez gain, ondorengoek ere parte hartu dute: Monica Hernando, Eusko Jaurlaritza Biktimen eta Giza Eskubideen, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Arantza Tapia, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburua.