Politika -

Eusko Legebiltzarra

Zatiketa nagusi, ETA deslegitimatzeko eztabaidaren aurrean

Legebiltzarrak ETA deslegitimatzea nahi du PPk, eta, EH Bilduk salbu, alderdi guztiek aurkeztu dizkiote oso zuzenketak testuari. Hala ere, PPk eta PSE-EEk akordiorako borondatea erakutsi dute.

Borja Semper PPko legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB
Borja Semper PPko legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB
ETAren deslegitimazioa aztertuko dute, Legebiltzarrean

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak ETAren indarkeria deslegitimatzeko mozioa aurkeztu du PPk, eta alderdi guztiek, EH Bilduk salbu, osoko zuzenketak aurkeztu dizkiote proposamen horri. Edonola ere, PPk eta PSE-EEk akordiorako borondatea erakutsi dute.

Ostegun honetan ohiko bilkura egingo du Legebiltzarrak, eta indarkeriaren deslegitimazioari buruzko mozioa eztabaidatuko dute, Alderdi Popularraren ekimenez. Hala, Ganberak balore demokratikoen "defentsa" egitea eta ETAren "ibilbidea eta existentzia justifikatu nahi dituzten ekintza eta jarrerak deslegitimatzea" bilatuko du PPk.

Alderdi Popularrak aurkeztutako testuaren arabera, ETA "ez zen inoiz existitu behar izan", eta "ez zuen inoiz izateko arrazoirik izan". Halaber, euskal gizarteak indarkeria baztertzen duela eta "biktimen oroimena bizirik" duela defendatu du PPk.

EH Bildu ez beste guztiekin akordio bat lortu nahi dute popularrek, indarkeriaren deslegitimazioaren gaian sakontzeko. Popularren esanetan, ezker abertzalea "harrokeriatan" dabil, eta "gero eta harrokeria handiagoa erakusten ari da", eta hori etetea dute helburu.

Testu horri osoko zuzenketak aurkeztu dizkiote EAJk, PSE-EEk eta UPyDk.

PP-PSE, akordiorako prest

PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztu duen arren, Semperrek (PP) esan du sozialistekin aurreakordioa lortu dutela. Halaber, UPyDk ere mozioarekin bat egingo duen esperantza dute popularrek, eta EAJk izango duen jarrera ez duela ezagutzen nabarmendu du PPko kideak.

PSE-EEren babesa (16 legebiltzarkide) ez da nahikoa PPren (10 legebiltzarkide) ekimena aurrera ateratzeko; UPyDk (1) baiezko botoa emanda ere, ez luke aurrera egingo, EAJk (27) eta EH Bilduk (21) kontra bozkatuko balute.

Hala, jeltzaleek abstentzioaren alde egitea ez litzateke nahikoa izango, buruzagi popularraren arabera; izan ere, mozio horren helburua "printzipio etikoak eta demokratikoak indartzeko akordio bat lortzea da". Horren harian, jeltzaleek bakegintzarekin loturiko gaiak bakerako lantaldean jorratu behar direla argudiatu dute.

Bestalde, sozialisten helburua Legebiltzarrean ahalik eta adostasun zabalena lortzea dela esan du Iñaki Arriola Gipuzkoako sozialisten buruak. Indarkeriaren amaieraren ondoren sortutako aukerak aprobetxatzeko, eta elkarbizitza eta adiskidetze esparruak irekitzen jarraitzeko deia egin diete sozialistek erakundeei, alderdi politikoei eta hiritarrei. Arriolaren esanetan, zuzenbide-estatua indartzeko gainerako alderdi politikoekin akordioa lortzea da helburua.

EH Bildu

EH Bilduk ez du zuzenketarik aurkeztu, eta ostegun honetako saioan koalizioak "jarrera koherentea" izango duela aurreratu du Oskar Matutek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea