Politika -
Azken egunotan
EH Bilduk zalantzak ditu egoitzen kontrako erasoen egileen inguruan
Ugartebururen arabera, erasook "bakearen etsaien" eta "konponbideak oztopatzen dituzten alderdien" mesedetan baino ez dute egiten.
Erredakzioa
Maribi Ugarteburu EH Bilduko Bizkaiko koordinatzailearen hitzetan, bere alderdiak ez daki nortzuk diren egoitzen eta erakundeen kontra azken egunotan izandako erasoen egileak; bere ustez erasook "bakearen etsaien" eta "konponbideak oztopatzen dituzten alderdien" mesedetan baino ez dute egiten.
Azkeneko kale erasoak aste honetan izan dira; margo horia eta gorria jaurti dute Barakaldoko Batzokiaren kontra eta Basauriko udaletxearen kontra.
Ugarteburu Durangoko azokan egon da eta, berton esan duenez, "susmagarria da gero eta eraso gehiago egotea, eta galdegin behar dena da zerk edo nork irabazten duen momentu honetan erasookin", esan du hedabideen aurrean.
Ugartebururen arabera, erasoak "EH Bilduk eskatzen duenetik oso urrun dago" eta "ezker abertzalearen estrategia politiko eta demokratikoaren kontra egiten du".
Era berean, "momentu garrantzitsu" batean gertatzen ari dela esan du Ugarteburuk. Ezker abertzaleko kidearen esanetan, "hamarkadetako gatazkaren" konponbideak, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea eta "pentsakera guztien" etorkizuneko elkarbizitza lantzeko unea da.