Politika -
Sorturen ekitaldia
Arraiz: 'Madibaren askatasun bide luzea egin nahi dugu guk ere'
Sortuko presidentearen esanetan, Otegi ez da Mandela "baina Euskal Herritar askoren ametsa da kartzelatik irtetean Arnaldo Otegi lehendakari gisa ikustea".
Erredakzioa
Hasier Arraiz Sortuko alderdiko presidenteak Nelson Mandelari Donostian egindako omenaldi batean esan duenez, "Madibaren askatasun bide luzea egin nahi dugu guk ere".
Arraizen esanetan, Hegoafrikan bezala, "Euskal Herrian jarduera armatuaren bidea bukatu da, baina oraindik egiteko dago bizikidetza nazionalerako bidea" eta "benetako elkarbizitza baketsu eta demokratikoa, non proiektu politiko guztiak gauzatu ahal izango diren, berdintasun egoera batean".
Sortuk Nelson Mandelaren omenezko ekitaldi bat egin du Donostiako nautikoan, eta berton ezker abertzaleko zenbait kide izan dira, besteak beste, Rufi Etxebarria, Joseba Permach, Pernando Barrena, Joxean Agirre eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko kidea. Ekitaldian, bertsoak izan dira, musikarako tartea ere bai, eta krabelinak bota dituzte, Hegoafrikako presidente ohiaren irudi erraldoi baten atzean zegoela.
Nelson Mandela hegoafrikarra balitz, kartzela espainiar batean egongo zen, eta zalantza barik egunotan aterako zen kartzelatik, Parot doktrina bertan behera geratu ostean", gaineratu du Arraizek.
Gainera, Sortuko presidentearen hitzetan, "Euskal Herriko jende askoren ametsa da hemen, han bezala", Arnaldo Otegi "Euskal Herri independente baten lehendakari gisa" ikustea.