Politika -
Ikastetxeetako esperientzia
Barkamena sustatzea eta gorrotoa ez helaraztea eskatu dute biktimek
Carmen Hernandez eta Pedro Maria Baglietto ETAren bi biktimek ikastetxeetan bizitako esperientzia kontatu dute. Gazteei gorrotoaren kontrako mezua helaraztearen alde azaldu dira.
Erredakzioa
Gazteei barkamenaren garrantzia eta gorrotoaren kontrako mezua helaraztea defendatu dute astelehen honetan Carmen Hernandez eta Pedro Maria Baglietto ETAren bi biktimek.
ETAk 2000. urtean hil zuen Jesus Mari Pedrosa PPko zinegotziaren alarguna da Hernandez, eta Bagliattio, berriz, 1980an ETAk erail zuen UCDko Ramon Baglietto zinegotziaren anaia. Biek hartu dute parte astelehen honetan Bilboko Euskalduna jauregian egin duten "Indarkeria eta terrorismoaren biktimen ekarpen soziala eta hezigarria berradiskidetzari" izeneko jardunaldian. Bakeola zentroak antolatu du ekimena, eta biktimek ikastetxeetako ikasleen aurrean izandako esperientzien berri ematea du helburu.
"Gazteentzat aberasgarria izan litekeela uste nuen, eta horregatik onartu nuen", esan du Carmen Hernandezek. "Lehen aldiz 50 gazteren aurrean izan zen. Hasieran ez dakizu zein jarrera izango duten, baina harritu egin ninduen erakutsi zuten errespetua eta nola entzuten ninduten", gogoratu du. "Nire bizitzako egunik tristeena kontatu behar nien, modu erraz batean, lasai eta gorrotorik gabe", azaldu du.
ETAko presoen inguruan hitz egin ziela ere gogoratu du. "Damuaren garrantziaz aritu nintzen, egindako kaltea onartzearen garrantziaz", esan du Hernandezek. Barkatu duela eta barkamen eskaerarik behar ez duela azaldu zien ikasleei, eta "hunkituta" geratu ziren. "Orainaz galdetu zidaten, eta harrituta geratu ziren gorrotorik ez dudala ikusita. Ausarta nintzela esan zidaten", gaineratu du.
Hitzaldia egin eta egun batzuetara, eskutitza helarazi zioten ikasleek, besteak beste, halakoak idatzita: "iragana partekatzeak, berriz ere gerta ez dadin, ez du preziorik".
Orain urte batzuk hasi zen institutuetan hitzaldiak ematen Pedro María Baglietto, eta zenbaitetan heriotza-zigorraz galdetzen diotela azaldu du. "Ni horren kontra nago. Ez diet ideia politikorik helarazi nahi; indarkeriaren kontrako pedagogia baino ez. Biolentzia ezaz hitz egin nahi diet, mendeku ezaren pedagogia egin nahi dut", gaineratu du.
Ikasleak
Beatriz eta Iratxe Batxilergoko bigarren mailako ikasleak biktimen hitzaldi horietako batean izan ziren. "Indarkeria ekintzetan alderdirik ez dagoela, biktimak daudela" ikusi zutela azaldu dute.
"Gaia gertuagotik ikusi genuen, gehienetan hizpide ez dena gaia baita. Gauzarik izugarrienak ere barkatzeko gai garela ikusten duzu", azpimarratu dute.
Elkarteei diru-laguntzak
Martxoan 250.000 euroko diru-laguntzak bideratzeko dekretua onartu zuen Jaurlaritzak, eta, horren bidez, bakea, giza eskubideak, gatazken konponbidea eta biktimekiko enpatia geletan jorratu nahi duten ikastetxeei hainbat jarduera eskainiko dizkiete elkarteek.