Politika -
Auzitegi Nazionala
3.860 urteko kartzela zigorra Burgosko kuartelaren kontra egiteagatik
Auzitegi Nazionalak 160 hilketa ahaleginengatik zigortu ditu Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko hirugarren sekzioak 3.860 urteko kartzela zigorra ezarri die ETAren Otazua komandoko hiru kideei, Daniel Pastor Alonsori, Iñigo Zapirain Romanori eta Beatriz Etxebarria Caballerori, Burgosko kuartelaren kontrako atentatuan parte-hartzeagatik.
Bakoitza 160 hilketa ahaleginengatik (3.840 urte) eta hondamendi terrorista eragiteagatik (20 urte) zigortu dute. Bonbaz betetako furgonetak eztanda egin zuen unean 118 pertsona zeuden kuartelaren barruan, eta horietatik 41 haurrak ziren. Alfonso Guevara, Guillermo Ruiz Polanco eta Maria Angeles Barreiro epaileek gaur argitaratu dute epaia, eta horren arabera, hirurek orduko ETAko buruzagi militarraren, Mikel de Kabikoitz Karrera Sarobe 'Ata'ren, aginduak bete zituzten ahalik eta jende gehien hiltzeko helburuarekin.
700 kilogramotik gora amonal zeuden uztailaren 28an eztanda egin zuen furgoneta horretan, eta 15 milioi euroko kalteak eragin zituela ondorioztatu zuten adituek. Guardia Zibilaren kuartelaz gain, Udaltzaingoaren komisaria bat, Trafikoko eraikin bat, suhiltzaileen egoitza eta Divino Valles eta General Yague ospitaleak ere kaltetu ziren. Horiek konpontzeko 302.207 euro behar izan zituzten.
ETAk bere gain hartu zuen atentatua Gara egunkarira bidalitako ohar batean. Epaileek azaldu dutenez, kaltetutako eraikinetan 263 pertsona bizi ziren. "Gau horretan bizilagun guztiak bertan ez bazeuden ere, agerikoa da etxebizitza eraikin baten kontrako eraso baten helburua bizilagunei min egitea dela", diote adierazpenean.
Halaber, 1.071 urteko inhabilitazioa ezarri diete hirurei, eta beste 10 urteko gehigarria.
Otazua komandoaren kontrako beste zigorrak
Auzitegi Nazionalak 485 urteko espetxe zigorra ezarri zien pasatu den urriaren 15an "Otazua komandoko" kideei Santoñako Militarren Patronatuaren aurka bonba autoz egindako atentatuarengatik. Halaber, 45 urteko kartzela zigorra ezarri zieten Eduardo Puelles hiltzeagatik eta beste 20 urtekoa 2008an Bilbon polizia bat hiltzen saiatzeagatik.