Politika -
Ezker abertzaleari
Fernandez Diaz: 'Ilegalizaziorako kontagailua ez dago zeroan jada'
Ministroak legezkotasunak zigorgabetasunik ez dakarrela esan die ezker abertzaleko alderdiei. Gainera, ETAren presoak sakabanatzeko politikak taldea desegin arte iraungo duela adierazi du.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak legezkotasunak zigorgabetasunik ez dakarrela esan die gaur ezker abertzaleko alderdiei. Horregatik, Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatzeko epaian ezartzen dituenak betez, "legez kanpo uzteko kontagailua ez dago jada zeroan", esan du ministroak.
Fernandez Diazek, horren ildotik, 2002ko alderdi legeak "terrorismoaren aurkako borrokan" zein pisu berebizikoa izan duen ekarri du gogora: "Lege hori erabakigarria izan zen ETAren amaiera lortzeko". PPk eta PSOEk 2000. urtean sinatu zuten terrorismoaren aurkako ituna izan zen lege horren atarikoa.
Hori dela eta, "jakintzat" ematen duen gauza bat ekarri nahi izan du gogora: hots, alderdien legea "erabat indarrean" dagoela eta, hortaz, "legezkoa izateak" ez dakarrela "zigorgabetasunik". "Legezkotasuna eta zigorgabetasuna ez dira sinonimo. Eta legezkotasunak ez du egunbete edo astebete irauten, gero ahazteko", azpimarratu du. Sortu legeztatzeko epaian Auzitegi Konstituzionalak mugak "oso argi" utzi zituela nabarmendu du Fernandez Diazek.
Horrela, muga horiek urratzen baditu, Zuzenbide Estatuak esku hartuko duen mezua bereganatzeko eskatu dio ezker abertzaleari. "Gauza bakarra erantsi behar dut: kontagailua ez dago zeroan, eta Gobernua zelatan egongo da erakunde guztien eta Estatuko Segurtasun Indarren bitartez".
Presoak eta ETAren desarmatzea
Bestalde, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ETAren jarduera armatua amaitutzat eman eta gero espetxe politika aldatu ez izana goraipatu du, eta dispertsio politika talde armatua behin betiko desagertzen denean bukatuko dela azpimarratu du. "Espetxe politika ez dugu egoera berrira egokitu", esan du ministroak.
Horrez gain, ETAri zuzendu zaio, armak emateko orduan Gobernuak "antezkizunik" onartuko ez duela esateko. Gainera, haren ustez, ez dago zer negoziatu ETArekin, poliziak garaitu baitu.
Fernandez Diazek argi utzi du "hiltzen hasteko erabili zituen helburuetako bat ere erdietsi ez duelarik etorri da talde kriminalaren porrota", eta haien irtenbide bakarra arma guztiak ematea dela esan du. Gobernuak horretarako egiaztatzaile nahikoa dituela eta horiek segurtasun indarrak direla erantsi du.