Politika -

Harrerak presoei

Erkoreka: 'PP barregarri geratu da harrerei buruzko bere jarrerarekin'

Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, 'lagun bati egiten zaion harrera eta delitu baten goratzea ezberdindu beharreko gauzak dira'.

Josu Erkoreka, Urkullu lehendakaria ondoan duela, artxibozko irudi batean. EFE
Erkoreka eta Urkullu
Josu Erkoreka, Urkullu lehendakaria ondoan duela, artxibozko irudi batean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu eta bozeramaileak hitz gogorrak izan ditu gaur Alderdi Popularraren aurka, eta "barregarri geratzea eta gehiegikeriaz antzeztea" leporatu dio 'Parot doktrina' indargabetuta kalera atera diren ETAko presoei egin zaizkien harreren inguruan izan duen jarreragatik.

Hala erantzun dio Erkorekak Borja Semper Alderdi Popularreko kideak kontrolerako saioan egindako galderari. ETAko presoen "omenaldi publikoen aurrean Jaurlaritzak agertutako jarrera azalekoa" salatu du bozeramaile popularrak Legebiltzarrean erregistratutako galderan.

"Azaleko jarrera" eduki izana ukatu du Erkorekak eta PPri "hainbesteko gehiegikeriaz antzezten dabilenez, barregarri" geratzea egotzi dio.

Jaurlaritzako bozeramailearen aburuz, "20-25 urte preso egon eta bere zigorra bete duen lagun bati egiten zaion harrera eta delitu baten goratzea ezberdindu beharreko gauzak dira".

Gürtell auziari erreferentziak

Ezberdintasuna agerian uzteko Gürtell auziari erreferentzia egin dio Erkorekak: "Autonomia erkidego bateko presidenteak gaizkile bati 'lagun min' deitzeagatik- Francisco Camps eta 'El Bigotesen' arteko telefono deian jasotako elkarrizketa – gaizkile horrek egindako delitua "goratzen' ari da?", galdetu du.

"Zuek alderdi barruan duzue auzia... 'lagun min' deitzea ustelkeria goratzea dela uste ez baduzue behintzat" bi kontuak ezin dira nahastu, Erkorekaren iritzian.

Adierazpen hauek Alderdi Popularraren legebiltzarkideen haserrea piztu dute. Semperrek Jaurlaritzako bozeramailearen kritikak ukatu ditu eta PPk "inor ezer zor ez diola" azpimarratu du.

Ika-mika Beltran de Heredia eta Maneiroren artean

Erkorekaren eta Semperren arteko ika-mika ez ezik, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren eta Gorka Maneiro UPyDko bozeramailearen artekoa ere izan da gaurko osoko bilkuran.

Beltran de Herediaren esanetan, kartzelatik atera diren ETAko presoak "herritar libreak" dira Justiziarentzat eta Ertzaintzak "badaki lagun eta senitartekoek egindako harrerak eta terrorismoaren gorazarreak ezberdintzen".

Maneirok, berriz, lehendakariari eztabaida "saihestea" egotzi dio, galderak berari zuzendutakoak baitziren, ez sailburuari egindakoak. Hala, "Amaiur, Sortu, EH Bildu eta Bildu alderdi fatxek sustatutako kale indarkeriaren erasoen aurrean "irmotasuna" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Mariano Rajoyri espetxe politikariaren harira egindako proposamenez ere galdetu dio Maneirok lehendakariari. Azken honen inguruan, Urkulluk erantzuna eman du: "Ez dugu ETAko presoak kaleratzeko planik proposatu, eta espetxe politikan malgutasuna da defendatzen duguna, betiere legea estuki errespetatuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea