Politika -
Prozesua
EAJ: 'Katalunia helduera puntuan dago; Euskadi, abiapuntuan'
Koldo Mediavilla EAJren Instituzio-Harremanetako idazkariak positibotzat jo du, politika arloan, Eusko Jaurlaritzaren lehen urtea.
Koldo Mediavilla EAJren Instituzio-Harremanetako idazkariak esan du Katalunia bere prozesuko "helduera puntuan" dagoela, eta Euskadi, aldiz, "abiapuntuan" kokatu du. Mediavillak igandean egin du agerraldia, Eusko Jaurlaritzaren lehen urteurrena bete den egunean hain zuzen ere, eta positibotzat jo du lehen urtebete hori politika arloan; helburu nagusia susperraldi ekonomikoa dela azpimarratu du.
Kataluniako prozesua EAJk errespetu handiz ikusten badu ere, Parlamentuko ordezkari gehienek legitimatu dutelako eta demokratikoa izateagatik, Mediavillak adierazi du bere alderdiak historia eta ibilbidea dituela: "Iraganeko geure ikasbidea dugu; estatus berriaren prozesua abiatzeko gutxieneko akordioak bilatuko ditugu Legebiltzarrean". Izan ere, abenduan bertan nahi du aurkeztu EAJk horren inguruko proposamen bat.
Koldo Mediavillaren ustez, garrantzitsua da Euskadiren estatus berriak Gernikako Estatutuak lortu zuen akordio maila, gutxienez, izatea. Halaber, nabarmendu du, prozesuaren inguruan, asmoa "inklusiboa" izatea dela, adostasun maila zabala biltzeko eta EAEko herritarren erabakitzeko eskubidea errespetatzeko. Legaltasunaren barnean egitea ere ezinbestekoa dela adierazi du.
Eusko Jaurlaritzaren lehen urtearen inguruan, Mediavillak esan du balantzea, ekonomia arloan, ez dela hain ona, “krisialdiaren neurria eta ahaleginak gorabehera”.