Politika -
Autogobernua
Euskadik egin beharreko bidea antolatuta duela dio Jaurlaritzak
Legebiltzarreko autogobernurako lantaldeak 2014ko lehen hilabeteetan emango ditu fruituak, Erkorekaren esanetan. Behin akordio lortuta, ''berrespena beharrezkoa'' izango dela azaldu du.
Erredakzioa
Katalunian galdeketa egiteko Generalitateak hartutako erabakia errespetatu arren, Euskadik egin ''beharreko bidea antolatuta'' duela dio Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Erkorekaren esanetan, Eusko Legebiltzarreko autogobernurako lantaldeak 2014ko lehen hilabeteetan emango ditu fruituak eta, behin akordio instituzionala lortuta, ''berrespena beharrezkoa'' izango da.
Gobernu Kontseiluaren ondoren eman duen prentsaurrekoan, bozeramaileak esan du Jaurlaritzak ''errespetatu'' egiten duela Kataluniako alderdien ''gehiengoak'' galdeketa egiteko hartutako erabakia, eta erabaki horrekiko ''errespetua'' ere eskatzen duela. Edonola ere, Erkorekak azpimarratu du Euskadik dagoeneko egin beharreko bidea antolatuta duela, autogobernuaren inguruko Eusko Legebiltzarreko lantaldeari lotuta. 2014ko hasieran eratuko dute ponentzia hori.
Hala, bozeramaileak aurreratu duenez, Jaurlaritzak ''babestu'' egingo du lantalde horretatik eta bertan lor daitezkeen akordioetatik abiatzen den estrategia eta, behin akordio instituzionala lortuta, ''berrespena beharrezkoa'' izango dela azpimarratu du.
''Leialtasuna eta erantzukizuna''
Erkorekaren ustez, ''positiboa'' da euskal alderdi guztiek autogobernuaren inguruko eztabaidan parte hartu nahi izatea, eta eztabaida hori ''esparru egokian'' egin ahal izatea; Legebiltzarrean, alegia.
Ildo horretan, ''leialtasuna eta erantzukizuna'' eskatu dizkie alderdiei eta, bakegintza eta elkarbizitzaren inguruan akordioa lortzea ''zaila'' dela aitortu duen arren, ''desadostasun horiek'' aurrera egitea oztopa ez dezatela eskatu du.