Politika -
D eredua
Nafarroako Gobernuak eskoletako materiala aztertuko du
28 ikastetxetan "legea betetzen ez duen materiala" atzeman dute, gehienak "Nafarroako errealitate instituzionala manipulatzeagatik".
Erredakzioa
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eskoletan erabiltzen diren materiala ikertuko du, "legea betetzen duela ziurtatzeko". 28 ikastetxetan "legea betetzen ez duten" testuliburuak atzeman dituzte, gehienak "Nafarroako errealitate instituzionala manipulatzeagatik" .
Gobernuak 2011-2012ko ikuskaritzaren balantzea aurkeztu du gaur. Juan Luis Sanchez de Muniain bozeramaileak adierazi du aztertu duten materiala, gehienbat, euskarazko irakaskuntzarekin erlazionatuta dagoela.
Horren harian, euskarazko irakaskuntza "egitasmo ideologiko zehatz bat azaltzeko" erabiltzearen aurka lan egingo dutela adierazi du Muniainek.
Gehienbat, Nafarroako "errealitate instituzionalaren inguruko materiala" izan da aztertu dutena: errepideen mapak, klima edo errekak azaltzeko materiala. Liburu horietan "Euskal Herriari buruz" hitz egiten zela salatu du Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak.
Aurtengoan, 12 eskola ezberdinetako materiala aztertuko dute eta, horretarako, ikasturte osoa beharko dute.
Iribasen hitzetan, iaz 28 eskoletan legea betetzen ez zuen materiala atzeman zuten, gehienak D eredukoak. Haur hezkuntzan, Lehen hezkuntzan eta DBHn arituko dira.