Politika -
Sortu
Arraizen kontrako salaketa onartu dute, terrorismoa gorasteagatik
Amaia Izko Sortuko bozeramaileak “bakearen aurkarien inboluzio estrategiaren” baitan kokatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren erabakia.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibileko eta Penaleko Gelak Hasier Arraiz Sorturen presidentearen kontrako salaketa onartu du,ustez terrorismoa gorasteagatik eta biktimak eta euren familiakoak makurrarazteagatik.
Azuriaren jatorrian Arraizek Bilbon azaroaren 18an egindako adierazpen batzuk daude: egun horretan, Santiago Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenen harirako mahai-inguru batean, Sortuko presidenteak ezker abertzalearen ibilbideaz eta iraganaz hitz egin zuen.
Salaketa onartzen duen autoak -ostiralean jakinarazi dute auto horrek zer dioen- epai baten aurkako botoa du. Horrek, Fiskaltzak bezala, deliturik ez dagoela uste du. Fiskaltzak berak Dignidad y Justiciaren salaketa baten ondorioz irekitako diligentziak artxibatzearen alde egin zuen.
Ebazpenean, salaketa onartzea "lege-aginduz" egiten dutela zehazten dute, salatutako gertaera ikertzeko asmoarekin eta ezinezkoa delako, oraingoz, adierazpenak zigorra jasotzeko modukoak direnentz zehaztea. Balizko zigor bat izatea bi hipotesitan egon liteke oinarrituta: diskurtsoaren formulazioan bertan (oso erreibindikatzekoa, autoaren arabera) eta “ezker abertzalea” esamoldearen erabilpenean. Horrek, ohikoak izaten diren praktikak kontuan izanik, "ETA erakundearekin erlazionatutako taldeen inguruan" hitz egin zuela esan nahi izan lezake.
Inboluzio estrategia
Amaia Izko Sortuko bozeramaileak “bakearen aurkarien inboluzio estrategiaren” baitan kokatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren erabakia.
Prentsa oharrean, “’Dignidad y Justicia’ eskuin-muturreko taldearen” salaketa onartu izana deitoratu du Izkok. “Bakearen aurkariak inboluzio estrategia bat garatzen ari dira euskal gizarteak nahi duen normalizazio politikoa eta elkarbizitza demokratikoa zapuzteko”, adierazi du.
Izkoren aburuz, “euskal gizartearen etorkizuna espetxe-zigorretan eta inposizioan eta ukapenean oinarritu nahi duen estrategia da”. “Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa da. Ezin daiteke beste modu batera kalifikatu Sortuk ‘trantsizio demokratikoa’ deitutakoaren inguruan egindako gogoetak epaitegietara eramateak”, gaineratu du.
“Bakearen aurkariek eta epaitegiek ezin dute Euskal Herriko eztabaida politikoa mugatu”, azpimarratu du.