Politika -
Euskal gizarteari harrera
'Krisiaren okerrena atzean geratu da', Urkulluren hitzetan
Urtero lehendakariak euskal gizartearen ordezkariei egiten dien harreran igorri duen mezua da.
Erredakzioa
2014an euskal ekonomiak hobekuntza arina izantea espero du Iñigo Urkullu lehendakariak. ''Krisiaren okerrena atzean geratu da. Ahalegin eta talde lanarekin, datorren urtea hobea izango da'', esan du ostiral honetan.
Lehendakariak urtero euskal gizartearen ordezkariei Lehendakaritzan egin ohi dien harrera ekitaldian igorri du baikortasuna mezua. Bertan izan dira hainbat erakundeetako ordezkari, politikari, enpresaburu eta sindikatuetako eta Justizia munduko hainbat kide.
Bere hitzaldian hainbat gai izan ditu Urkulluk hizpide, eta ostiral honetan Legebiltzarrean onartu dituzten 2014ko Aurrekontuak ere aipatu ditu; ildo horretan, PSE-EErekin eta PPrekin kontuak onartzeko lortutako akordioak azpimarratu ditu lehendakariak, eta gaur onartutako Aurrekontuek ''lehiakortasunaren oinarrian sendotzen'' dituztela esan du.
Egonkortasun instituzionala
Itun horiek dakartzaten ''egonkortasun instituzionala'' nabarmentzeaz gain, 2014an euskal ekonomiak hobekuntza arina izatea espero duela berretsi du, eta itxaropen hori ''kanpo adierazleetan'' oinarritzen dela azaldu du. ''Krisiaren okerrena atzean geratu da'', esan du Urkulluk.
Bestalde, bakegintzan eta elkarbizitzan egindako lana azpimarratu du, eta 2014an Memoriaren Institutua abiatzeko konpromisoa berretsi du.
Autogobernua jorratzeko lantaldea
2014 hasieran Jaurlaritzak martxan jarriko duen autogobernua jorratzeko lantaldea ere izan du lehendakariak hizpide, eta ''ordezkaritza politiko guztien arteko eztabaida''' oinarri hartuta, Legebiltzarra ''etorkizun politiko berria irekitzeko foro egokia'' dela esan du Urkulluk.
Etorkizun politiko hori egungo legegintzaldian adosteko nahia agertu du lehendakariak, ''ahalik eta adostasun handienarekin''.
Bere Exekutiboaren jardunari errepasoa ere egin dio. ''Aurrekontu txikiago batekin gehien behar duten pertsonen babesari eutsi diogu'', gaineratu du.