Politika -

Portugalete

Terrorismoaren biktimen monolitoan pintadak egin dituzte

Portugaleteko Ellakuria parkean dagoen monolitoan 'Faxistak alde hemendik' zioten pintadak agertu dira.

Biktimen omenezko eskultarari eraso egin diote Portugaleten

0:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Portugaleten (Bizkaia), terrorismoaren biktimen monolitoan, pintadak agertu  dira gaur, udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

'Faxistak alde hemendik' irakur zitekeen pintadetan. Ellakuria parkean dagoen eskulturaren inguruan 'Memoriaren Eguna' ospatzen du Udalak azaroaren 10ean.

Jaurlaritzaren eta Portugaleteko alkatearen gaitzespena

"Onartezintzat" jo ditu Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Portugaleten egindako pintadak eta balizko egileen inguruko daturik baldin badu, jakinarazteko eskatu dio EH Bilduri. "Hori egiten ez duten bitartean, ekintza hauek gaitzetsi ditzatela", erantsi du, koalizio abertzaleari erreferentzia eginda.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, "erabat gaitzesgarriak" dira Portugaleten gertatutakoak: "Aurrena, ondasun publikoa kaltetzen dutelako eta, bigarrenik, babestu beharreko memoria duina zikintzen edo zikintzen saiatzen direlako", agertu du.

Erkorekaren esanetan, Segurtasun Saila "uneoro" dago lanean tankera honetako erasoak saihesteko, baina "egingo ez direla ezin da ehuneko ehunean bermatu".

Mikel Torres Portugaleteko alkateak (PSE-EE) ere "erabat gaitzetsi" du biktimen aldeko monolitoaren kontrako erasoa, eta "ekintza hauek, baita euren goratzeak ere, gainditutzat genituen praktika zaharrak ekartzen dizkigute gogora".

Udalak ohar batean jakinarazi duenez, pintadak lehenbailehen garbituko dituzte, kaleak "zigorgabetasunaren espazio bihur ez daitezen". Torresen hitzetan, "terrorismoa goratzen zutenek euren aldarrikapenak egiteko lekua topatzen zuten lehen", baina Udalak "kaleak askatasunaren espazio" bilakatu nahi izan zituen.

"Horren ildoan, terrorismoari aipamenen bat egiten dioten pintada, argazki edo kartel ororen aurrean irmo jarraituko du Udalak, terrorismoaren biktimen eta senitartekoen duintasuna babesteko", nabarmendu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea