Politika -

Erregearen mezua

EAJren eta Amaiurren kritikak Erregeari, bakegintza ez aipatzeagatik

Bestalde, PSEk "garrantzitsutzat" jo ditu Erregeak kargu politikoei lotutako ustelkeria kasuei eta etika faltari buruz esandakoak.

EAJk eta Amaiurrek Erregearen mezua kritikatu dute.
EAJk eta Amaiurrek Erregearen mezua kritikatu dute.
Erregearen mezuak iritzi ezberdinak sortu ditu euskal alderdien artean

1:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ

Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramailearen iritziz, “ezinezkoa” da Espainiako erregea bizikidetzarako "bitartekaria" izatea “espainiar nazio handi” bati buruz hitz egiten duen bitartean, “Estatu honen baitan nazio ezberdinak daudelako”. Horren harian, Gabonetako mezuan "espainiar nazio handia" kontzeptua erabili izana kritikatu du Estebanek: “Aznarrek eta PPk" behin baino gehiagotan erabili izan duten formula bera dela salatu du EAJko ordezkariak.

Euskal Herriak bizi duen egoera aipatzea faltan bota zituen Aitor Estebanek, are gehiago, beste alor batzuetan partehartzaile guztiek “eskuzabaltasunez” jokatu beharko dutela esan zuelako.

Behin ETAren indarkeria amaituta, Euskal Herriak egoera “berezi” bat bizi duela azpimarratu du EAJko ordezkariak, baina prozesu horretan aurrerapausorik eman ez dutela nabarmendu du.

“Eskertzekoa liteke, erregearen hitzaldian, denen eskuzabaltasunari, eta baita Estatuko erakundeen eskuzabaltasunari buruzko aipamena ere egitea. Egia esan, orain arte, Rajoyren Gobernua Euskal Herrian aldaketarik gertatu ez balitz moduan aritu da”, gaineratu du.

Amaiur

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuaren iritziz, erregeak, “euskal herritarren hitza eta erabakiak errespetatu” behar ditu.

Errekondok Usurbilen egin du erregearen mezuaren balorazioa. Amaiurreko ordezkariaren ustez, atzo “azken 35 urteetan” egindako hitzaldi bera errepikatu zuen erregeak.

“Ez gaitu harritzen bake prozesua ez aipatu izana”, gaineratu du Errekondok. Bere hitzetan, erregeak euskal gizartarekiko duen “distantzia” agerian uzten du horrek.

Amaiurren iritziz, Espainiako erregeak Euskal Herriari nazio izaera onartu egin behar dio. “Hori da erregeari dagokiona, euskal herritarrei dagozkien nazio izaera onartzea”, amaitu du.

PSE

Idoia Mendia PSE-EEko bozeramailearen ustez, erregeak ustelkeriari eta ordezkari publikoen etika faltari buruz esan zituen hitzak “garrantzitsuak” izan ziren. “Herritarrek ulertu behar dute, legearen aurrean denok berdinak garela, eta hori bermatu behar dugula 2014. urtean”. Horren harian, erregearen hitzak “Rajoyri zuzendutako” mezua izan zirela adierazi du Idoia Mendiak. “Estatuko Fiskaltza epaileen lana baldintzatzeko erabili ez dezan eskatu zion erregeak Rajoyren Gobernuari”.

Gaineratu duenez, “epaileei dagozkien lana egiten utzi behar zaie”. “Espainian botere banaketa dagoela eta demokrazia heldu bat garela erakutsi behar dugu”, berretsi du.

PP

“Espainia aldatzen jarraitzeko, erreforma gehiago egiteko eta Espainiako hobetzeko helburuarekin”, elkarrizketa eta akordioaren alde erregeak esan zituen hitzak azpimarratu ditu Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak.

Horrez gain, politikagintzan eta alor publikoan mantendu beharreko etikari buruz egin zituen adierazpenak “oso garrantsitzuak” izan zirela gaineratu du. “Gardentasunari eta jarrerak aldatzeko beharrari dei egin zien erregeak, erakundeenganako konfidantza berreskuratzeko”. Euskal Herriari buruz, terrorismoaren biktimei buruz esandakoak ere nabarmendu ditu PPko ordezkariak. Oyarzabalen ustez, “gertutasun handia erakutsi zuten” hitzak izan ziren.

UPyD

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak esan du Espainiako gizartearentzat hitzaldiak” nahikoak” ez direla, “ekintzak nahi dituelako”. Ez erregeak ezta “alderdi político zaharrek ere” Espainian “egin behar dena” zer den ez dutela esan gaineratu du. “Guztiz kontrakoaz aritu dira”, amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea