Politika -
Dokumentazioa
Ezker abertzalearen eragina ETAren erabakian
Azken urteotan ezker abertzaleak emandako urratsek eragin garrantzitsua izan dute ETAk bere jarduera betirako amaitzeko eta desarmeari ekiteko hartu erabakian.
G. Palacios | eitb.com
ETAk bere egitura militarrak desegin eta armak entregatzeko prozesua hasi izanak, besteak beste, bi ondorio ditu: batetik, 50 urte eta gero, ETAk estrategia militarra behin betiko amaitutzat ematea; eta bestetik, ezker abertzaleak bere estrategia aldaketa gauzatzea, bide politikoak eta baketsuak soilik erabiltzeko estrategia egi bihurtzea.
ETAren erabakiaren atzean arrazoi ezberdinak izango dira, baina agerikoa da ezker abertzaleak azken urteotan egin duen hausnarketak eta hartu dituen erabakiek eragina izan dutela erakunde armatuarengan.
2005-2007 urteetan izandako negoziazio prozesuak porrot egin izanak, besteak beste, Arnaldo Otegiren espetxeratzea, Batasuneko 23 buruzagiren atxiloketa eta ilegalizazio-poltikaren jarraipena ekarri zuen, ezker abertzaleari bere presentzia instituzionala eta publikoa oztopatuta.
Bitartean, ETAren kontrako polizia-operazioak areagotu egin ziren 2008 eta 2010 urteen artean: Francisco Javier Lopez Peña, Thierry; Garikoitz Aspiazu, Txeroki; Jurdan Martitegi; Ibon Gogeaskoetxea; edo Mikel Karrera bezalako ETAko kide ezagunak atxilotu zituzten.
Hausnarketa
Testuinguru horretan, ezker abertzaleak bere estrategia aldatzeko barne-hausnarketa bat hasi zuen eta, ondorioz, 2009ko urrian, eztabaidarako dokumentu bat zabaldu zuen bere militantziaren baitan. Dokumentu hartan ezker abertzaleak autokritika egiten zuen, indar soberanistak biltzearen beharra azpimarratzen zuen eta erabili beharreko bideak "baketsuak eta politikoak" izan behar zirela nabarmentzen zuen.
Gogoeta horren bultzatzaile nagusiak, Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta atxilotu egin zituzten, Baltasar Garzon epaileak aginduta eta "ETAren agindupean Batasunaren zuzendaritza berriro sortzen ahalegintzea" leporatuta.
Nolanahi ere, ezker abertzaleak barne-hausnarketarekin aurrera jarraitu zuen eta, 2009ko azaroan, gogoetaren ildo nagusiak publiko egin zituzten, Altsasuko Adierazpena deitutakoaren bitartez.
Sorturen sorrera eta indarkeria errefusatzea
Ezker abertzaleak ezinbestekotzat jo zuen legezkotasuna berreskuratzea eta soilik "bide politikoak" erabiltzea, bere helburuak lortzeko.
2010eko otsailaren 16an, ezker abertzaleak bere barne-eztabaida amaitutzat eman zuela eta bere militantziak "bide politiko eta baketsuen" aldeko estrategia babestu eta "indar soberanistak eta independentistak" batzearen alde egin zuela jakinarazi zuen.
Ezker abertzalearen estrategia berriaren xehetasunak 'Zutik Euskal Herria' izeneko dokumentuan bildu ziren. Dokumentu horretan argi azpimarratzen zen prozesu guztia indarkeriarik gabeko egoera batean gauzatu behar zela.
Hausnarketa amaituta eta estrategia berriak bere oinarriaren onespena lortuta, ezker abertzaleak bere eraberritzerako urratsak emateari ekin zion. Eta hurrengo pausoa alderdi berri bat eratzea izan zen: Sortu.
2011ko otsailean aurkeztu zituzten Sorturen estatutuak: Alderdien Legeak ezarritako baldintzak betetzen zituen eta indarkeria mota guztien aurka agertzen zen, ETAri aipamen zuzena eginez.
Auzitegi Konstituzionalak 2012ko ekainaren 21ean legeztatu zuen Sortu, bederatzi urte eta gero ezker abertzaleak legezkotasuna berreskuratu zuelarik.
Bitartean, ezker abertzaleak egindako estrategia aldaketak hausnarketa Ekin, Segi edo Askatasuna bezalako erakundeetara zabaltzea ekarri zuen. Hilabete batzuk igaro ostean, aipatu hiru erakundeen desegitea erabaki zuten, "fase politiko berrira egokitzeko".
Ildo berean, 2013ko martxoan, Batasunak (legez kanpokoa Espainian, baina legezkoa Frantzian) agerraldia egin zuen Baionan, desegitea erabaki zuela jakinarazteko.
ETAk ezker abertzalearekin bat egiten du
Ezker abertzaleak alde bakarrez eman zituen urratsek ETAren babesa jaso zuten. Horrenbestez, ETAk bide berean zihoazen pausoak eman zituen, bere jarduera armatua betirako utziko zuela iragarri arte.
2011ko urtarrilaren 10ean, ETAk su-eten "iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria" iragarri zuen, "konfrontazio armatua amaitzeko eta behin betiko konponbidea lortzeko prozesuarekin" bat egiteko konpromiso irmoa zuela adierazteko.
2011ko apirilean, ETAk gutuna igorri zien EAEko eta Nafarroako patronalei "iraultza-zerga" deitutakoa gehiago exijituko ez zutela jakinarazteko.
Hilabete batzuk geroago iritsi zen ETAren erabaki historikoa: 2011ko urriaren 21ean iragarri zuen bere jarduera armatua betirako amaitutzat ematen zuela.