Politika -

Dokumentazioa

Iparretarrak, amaiera punturik gabeko bukaera

Ipar Euskal Herriko talde armatua (1973-2000) agiri ofizialik, prentsaurrekorik, bideorik edo antzekorik gabe desagertu da, "kideek hitzartuta". 2000. urtean egin zuen taldeak azken erasoa.

Iparretarraken agerraldi bat. Argazkia: EiTB.
Iparretarraken agerraldi bat. Argazkia: EiTB.
Iparretarraken agerraldi bat. Argazkia: EiTB.

Andoni Lizeaga - Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iparretarrak (IK) taldea izan zen XX. mendeko 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetan Ipar Euskal Herriko erakunde politiko armatu nagusia; autonomia eta euskararen ofizialtasuna ziren beren aldarrikapenetako batzuk.  Ekinbide armatua abiatu eta mende laurdenera, Lizarra-Garaziko akordioarekin bat, jarduera hori eteteko asmoa azaldu zuen IK-k. Gerora, ekintza isolatu batzuk izan ziren, baina 2000. urtetik ez da IKren izenean atentaturik egin

Askoren ustez, Lizarra-Garaziko akordioarekin bat amaitu zen IKren jarduna, 1998an; ETAk su-etena eta IK-k hausnarketaldia abiatu zuten orduan.  Gero, 2000n, baina, lau eraso egin zituzten, eta, 2003an Popo Larre desagertutako militantearen auzia argitzeko azken ekintza bat egin zuten , IKren izenean, Carbon-Blanceko hilerrian.  Hala ere, ez zen egon IKren bidea amaitutzat emateko agiri ofizialik, prentsaurrekorik, bideorik edo antzekorik.

Horren ildotik, Gabi Mouescak, IK-ko militante ezagunenetako batek (1986an Paueko espetxetik atera zuten kideek, ihesaldi ikusgarrian), IKren amaiera  euren artean adostutakoa izan zela esan du, hein batean gazteen aldetik segidarik ez izatearen ondorioz.  Gainera, abiatzen ari ziren neurri politikoetan konfiantza zuten garai horretan Iparretarrakekoek, Mouescak adierazi duenez.

Ttotte Etxebeste kidea ere bat dator adierazpen horrekin: Lizarra-Garazin kokatu behar da IKren amaiera, azkenik estatuen aldetik irekidura politikoa etorriko zela sinesten baitzuten. Bokalen egindako polizia operazio batean bizkarrean tirokatu zuten Etxebeste, eta hanketako mugikortasuna galdu zuen.

IK eta ETA

IKren eta ETAren arteko harremanak gazi-gozoak izan ziren; gozoak hastapenetan, eta gaziak gero.  Iparraldera joandako errefuxiatuen babesa zegoen tartean hasieran,  baina, IK-k bere bidea abiatu zuenean, mugimendu horrek beren jarduerari kalte egingo ziola pentsatu zuten ETAko buruek.  Nolanahi ere, bi erakundeak eta beren jarduera alderaezinak dira; izan ere, filosofia, ekinbide, militante kopuru, baliabide... arras ezberdinak zituzten.

Iparretarrak taldeak mugimendu politikoa osatu zuen, barnealde zein kostaldean egituratua, eta mugimendu horren zati bat zen ekinbide armatua.  Lan gatazka baten erruduntzat jotzen zuten enpresaburu bat jipoituz hasi ziren.

Lan gatazkak, beraz, hasieran; Estatu Frantsesak Ipar Euskal Herria turismogune gisa bultzatzea aurrerago; euskararen egoera eta erakunde propiorik eza, gero autonomia eskaeran amaituko zena... Horiek ziren IKren arretaguneak.

IKrentzat, ekintza armatuak lan eta helburu politikoen osagarri ziren; urte asko joan ziren lehergailuen erabilpena onartu zuten arte. Hala ere, agintariek bederatzi heriotza eta desagerpen bat lotu dizkiote IKren jardunari; bi tiroketatan hildako bi polizia, eta Baigorrin tiroz hildako beste bi.  Azken ekintza hori, Baigorriko atentatua egin izana, ostera, beti gezurtatu du IK-k. Gainera, taldeko 5 militante hil ziren hogeita zazpi urtean, eta horietako baten, Jean Louis Larreren, berririk ez da polizia operazio batean ihes egin zuenetik.

Dozena bat urte dira dagoeneko IKren izenean ekintzarik egin ez dela. Geroztik, hainbat ekintza bortitz izan dira Ipar Euskal Herrian, gehienbat etxebizitza agentzien aurka, bai anonimoak, bai "Euskal Herria ez da salgai" dinamikari dagozkionak, bai Irrintzirenak... Baina Iparretarrak taldeak ez du inolako ekintzarik bere gain hartu XXI. mende honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea